Orkatzkumeak abandonatuta ez daudela ohartarazi dute

Erredakzioa 2024ko eka. 5a, 10:53

GADENek azaldu du animalia horien amek belardian ezkutatzen dituztela kumeak, baina gertu mantentzen direla, zaindari. Beraz, horiek ez hartzeko deia egin dute. 

Landa eremuan edo basoan bakarrik ikus daitezkeen orkatzkume eta oreinkumeak abandonatuta ez daudela ohartarazi du GADEN Natura Babestu eta Aztertzeko Arabako Taldeak.  

Azaldu dutenez, orkatz eta beste hainbat espezie belarjaleren emeek landaredian ezkutatzen dituzte beren kumeak bizitzaren lehen asteetan. Hala izanik ere, horiekin topo egitean, pertsona askok uste dute babesgabe daudela, eta horiek zaintzeko asmoz eramaten dituzte, "abandonatuta daudelako uste okerra" baitute.  

GADENen arabera, "ehunka orkatzkume kentzen zaizkie urtero beren amei", eta kopurua "goraka doa". Diotenez, gaurko "hiri testuinguruan are gehiago larriagotzen da" egoera, "gero eta jende gehiago aisialdian landa eremura" joan ohi delako, "beharrezko ingurumen hezkuntza izan gabe". Talde kontserbazionistaren esanetan, natura prozesuen "pertzepzio distortsionatuaren" ondorioz animaliak kaltetzen dituen "erantzun desegokiak" sortzen dira. Horregatik, aldundiari eskatu diote gaiaren bueltako informazio kanpainak sustatzeko. 

Zalantzaren bat izatekotan, beti Martiodako Basa Faunaren Suspertegira (945248515) edo 112 telefonora deitzeko eskatu diete herritarrei.

Bideoa: Alfredo Luzarraga

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago