Errefusara botatzen dugun zaborraren %86a gaizki botata dago

Erredakzioa 2024ko ekainaren 5a

Zaborra pilatua Arratzua-Ubarrundian. Argazkia: ALEA

Erdia baino gehiago birziklatu daitekeen materia organikoa da, eta beste %35 balorizatu daitezkeen bestelako hondakinak. Gasteiz Zero Zabor elkarteak salatu du "hondakinen arloan ez dagoela ezer ospatzeko".

Arabako Foru Aldundiak 2023ko hondakin bilketaren datuak argitaratu ditu. Urte osoan zehar aztertzen dira jasotako hondakin mota guztien laginak, jakiteko zer den botatzen duguna eta nora botatzen dugun. Txostenaren datuen arabera, errefusaren kasua da larriena. %14a soilik dira balorizatu ezin diren hondakinak, errefusari dagozkionak. Gainerakoa birziklatu daitezkeen gaiak dira gehienbat eta, beraz, beste edukiontzi batera bota beharko lirateke. Materia organiko asko botatzen da errefusara, erdia baino gehiago dira aprobetxatu daitezkeen biohondakinak.

Ingurumenaren nazioarteko eguna da gaur, ekainaren 5a, eta horren harira Gasteiz Zero Zaborreko kideek esan dute "ez dagoela ezer ospatzeko hondakinen arloan". Elkartearen ustez Aldundiaren datuek agerian uzten dutela gaur egungo zabor bilketa sistemaren porrota. Adierazi dute unea dela Arabako Hondakinen Plangintzari "buelta bat eman eta benetako konpromisoak hartzeko". Salatu dute ere arriskua dagoela, egoera hobetu ezean, "inork nahi ez dituen azpiegiturak" etortzeko, erraustegiak adibidez, "konponbide bakar eta magiko" gisa aurkeztuko direnak.

Errefusa, edukiontzi grisa

Jasotako hondakin guztien ia bi heren dira errefusara botatakoak. Baina askoz gutxiago izan zitekeen, lekuz kanpo dagoelako edukiontzi grisera botatako gaien %86a. Erdia baino gehiago organikoa da (%51 Araban, %54 Gasteizen). Gasteiz Zero Zabor elkarteak salatu du gora egin duela organikoaren presentziak errefusaren poltsan, 2017an guztiaren %47a zelako. Duela gutxira arte ez zegoen materia organikoa banatuta jasotzeko sistemarik, eta Aldundiaren arabera horrek eragin du errefusan hainbeste biohondakin egotea. Gaur egun Arabako herri gehienetan dago organikoa jasotzeko moduren bat, eta datozen urteetan organikoaren pisua desagertzen joatea espero dute

Ezberdintasunak antzematen dira hiri eta landa eremuen artean, organikoen kudeaketan. Landagunean biohondakin guxtiago agertzen da errefusan, ziur aski organikoan aprobetxatzeko beste moduak erabiltzen dituztelako. Aldundiak gomendatu du komunitateko konposta edo etxekoa egitea, hondakinen bilketa eraginkorragoa egiteko.

Organikoaz gain, errefusaren edukiontzian aurki daitezke ontzi arinak, kartoia eta papera, ehunak eta beste jasoketa mota batzuk dauzkaten gaiak. Guzti horien artean edukiontzi grisaren %35a betetzen dute, eta beste norabait bota beharko lirateke, izan beste edukiontzietara edo garbigune eta antzekoetan. 

Birziklatzeko diren hondakinak

Organikoari dagokionez, biohondakin gisa hartzen dira kimaketa eta lorezaintzako hondarrak, zelulosazko gaiak (zapiak, sukaldeko papera), bota diren janari hondarrak eta etxeetako bestelako hondakin organikoak. Edukiontzi bereziak egoten dira biohondakinak jasotzeko, mota ezberdinetako sistemak daude herriz herri, baina jasotzen den guztia ez dago ondo botata. Lekuz kanpo dago organikoan jasotzen denaren %11. Eta organikoa jasotzeko moduari erreparatzen badiogu asko aldatzen dira emaitzak. Kontrolatutako sistemetan (giltza bidez, edukiontzian txartela jarrita edo etxez etxeko bilketan) %95a ondo jasotzen da. Librean berriz, %29a gaizki dago, eta oztopatu egiten du organikoaren balioztatze prozesua.

Zenbat janari botatzen den ere aztertzeko eskatua du Arabako Foru Aldundiak. Aprobetxatu daitekeen janariaren ia 40 kilogramo botatzen ditu urtean arabar bakoitzak, batez beste.

Beste birziklatzeko gaien artean, denetarik dago. Beiraren edukiontzira eta paper eta kartoiarenera nahiko modu egokian botatzen dira hondakinak, %99 eta %96 hurrenez hurren. Bi hauetan lekuz kanpo botatzen denak, orokorrean, ez du eragiten birziklatze prozesuan. Salbuespen argi batekin. Beiraren edukiontzian zeramikazko ontziak aurkitu ohi dira gaizki sailkatutako %1 horretan, eta hauek asko oztopatzen dute birziklatzea, ez direlako beirarekin batera urtzen eta sortutako material berriak bota egin behar izaten dira zikinkeria izaten dutelako. Edukiontzi horia da birziklapen ontzietan okerrena, jasotakoaren %20 dagoelako lekuz kanpo.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago