Jendaurrean jarri ditu Arabako Foru Aldundiak KonpostAraba Jundizen eraikitzeko kostuen egiturari buruzko azterlana, ekonomia eta finantza bideragarritasunaren azterlana eta oinarrizko aurreproiektuaren azterlana. Kostuen egiturari buruzko dokumentuaren inguruko erreklamazioak, alegazioak eta iradokizunak egiteko epea ekainaren 28ra arte dago zabalik, eta gainerako dokumentuen ingurukoak uztailaren 12ra arte.
Gasteizko etorkizuneko konpostaje-plantak, KonpostArabak, bereizita bildutako biohondakina tratatzeko balioko du. Alegia, bertan tratatuko dituzte etxeetako, lorategietako, parkeetako eta zerbitzuen sektoreko landare-hondakin biodegradagarri oro, bai eta elikagai eta sukaldaritza hondakinak ere, besteak beste, etxeetatik, bulegoetatik, jatetxeetatik, handizkarietatik, jantokietatik, sukaldaritza kolektiboko zerbitzuetatik eta txikizkako kontsumoko establezimenduetatik datozenak, eta elikagaiak eraldatzeko instalazioetatik datozen hondakinak.
Bi fasetan proiektatu da planta berria. Lehenengo fasean, urtean 13.000 tona hondakin tratatzeko gaitasuna izango du KonpostArabak, eta bigarren fasean urtean 23.000 tona biohondakin tratatzeko aukera. Jundizen eraikiko dute; eta guztira 29.735.570 euroko aurrekontua du.
Gaurko egoera
Gaur egun, Arabako hondakinen tratamendua kudeatzeko ereduak hiru instalazio nagusi ditu:
Tratamendu Mekaniko Biologikoko Instalazioa (TMB): Jundizko industrialdean dago, eta Gasteizko Udalarena eta Arabako Foru Aldundiarena da. Instalazioak probintzia osoko hondakinak jasotzen ditu (bai gaika bildutako zatiki organikoa, bai masako hondakina), eta, hasiera batean, urtean 120.000 tonako tratamendu-ahalmena izateko diseinatu zen.
Ontzien hondakinak sailkatzeko planta: Jundizko industrialdean dago hau ere, eta Arabako Foru Aldundiarena da. 2001. urteaz geroztik funtzionatzen ari da, eta Araban bildutako ontzi arinen frakzioa (edukiontzi horia) osatzen duten osagaiak sailkatzen ditu.
Gardelegiko zabortegia: Azken puntu horretara bideratzen dira TMB instalazioan lortutako errefusak eta bioegonkortuak, bai eta ontzi arinak hautatzeko instalaziotik datorren errefusa ere.
Gaur egun, biohondakina modu bereizian tratatzen da behin-behinean Jundizko Tratamendu Mekaniko Biologikorako Instalazioan (TMB); izan ere, kudeatutako kopuruak txikiak dira. Alta, kopuru hori datozen urteetan nabarmen handituko dela aurreikusten da, Arabako Hiri Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planean (2017-2030) eta Gasteizko Udalaren kalkuluetan jasotako pronostikoaren arabera. Horregatik, hain zuzen, erabaki da planta berria eraikitzea.
Jundizen, 30.000 metro koadro
Lurraldeko biztanleriaren %75 Gasteizen biltzen denez, biohondakina tratatzeko etorkizuneko instalazioa bertan kokatzea erabaki da, irizpide logistikoak eta hurbiltasun irizpideak aplikatuta. KonpostArabak, beraz, Gasteizko biohondakina bilduko du, eta konpostajerako instalazio propiorik ez duten gainerako kuadrilletan sortutakoa ere.
Jundizen eraikiko bada ere, hondakinak kudeatzeko egungo azpiegiturekiko independentea izango den instalazio batean egingo da. S-21 industria-sektoreko lurzati batean eraikiko dute, Arabako Biokonpostaren egungo Tratamendu Mekaniko Biologikorako Instalaziotik (TMB) gertu. Partzela horrek 30.196 metro koadroko azalera du guztira, eta bost partzelaz osatuta dago. Iparraldean, Burgos–Gasteiz trenbidea dago; ekialdean, A1 autobia; hegoaldean, Jundiz mendiaren hegala, eta ipar-ekialdean, Margarita herria, 12 kilometrora. Lursailera Bilodabidea kaletik sartuko da, Jundiz poligonoko Askarra kaleko azken biribilgunetik.
Hamabost hilabeteko obra
Aurreikuspenen arabera, planta berria bi fasetan eraikiko dute. Lehen faseak gutxi gorabehera hamabost hilabete iraungo du, urtebete eraikuntza-proiektua egiteko, fabrikatzeko eta eraikitzeko, eta hiru hilabete martxan jartzeko eta bermeak egiaztatzeko. Bigarren fasea, berriz, gutxi gorabehera zazpi hilabete eta erdiko iraupena izango duela uste da. Hala ere, ezin izango da azpiegitura hori eraikitzen hasi proiektuaren Ingurumenaren Baimen Integratua lortu arte.
Aurrekontuari dagokionez, lehen fasean 27.449.633 euro aurreikusi dira planta egiteko, eta bigarren fasean, planta handitzeko, beste 2.285.937 euro gehiago gastatu beharko dira.