Arabako Foru Aldundiaren Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak bultzatutako 12 irakurketa klub feminista daude Araban, eta 250 emakume inguru biltzen dira hilero bertan. Ikasturteari amaiera emateko Izarran egin dute topaketa joan den larunbatean. Jone Berriozabal foru diputatuak esan du "inork epaitu edo konparatu gabe hausnartu eta eztabaidatzeko" espazioak direla klub hauek.
2016. urtean abiatu zen La hora violeta izeneko lehen irakurketa klub feminista, Arabako Lautadan. Ordutik asko hazi da ekimena, eta egun Arabako Errioxan, Mendialdean, Gorbeialdean, Aiaraldean Añanan eta Trebiñun daude martxan. Prestakuntza feministako gune gisa definitu ditu Berriozabalek. Bere hitzetan, "genero berdintasunerako sentsibilizazioa eta prestakuntza, bai eta emakumeen ahalduntzea ere, funtsezko osagaiak dira aurrera egiten jarraitzeko".
15-20 emakumek osatzen dute irakurketa talde bakoitza, eta hilabetean behin egiten dute bi orduko saioa, aurrez irakurritako liburu bat buruz hausnartu eta eztabaidatzeko. Saio ibiltariak izaten dira, kuadrilla bakoitzeko herrietan zehar, eta askotariko liburuak lantzen dituzte bertan: olerkiak, eleberriak, entseguak, antzerki lanak edo komikiak, beti ere gai feministen edo emakumeen egoeraren ingurukoak.
Larunbatean izan zen ikasturte honen itxiera ekitaldia, Izarrako topaketekin. Toti Martinez de Lezeak hitzaldia eman zuen bertan. Datorren ikasturtean berriz abiatuko da ekimena, eta emakume guztiak daude parte hartzera gonbidatuta.