Osasun sailak aurreratu duenez, udako hilabeteetan, EAEko lehen mailako arretako zentroen %54,27k lanaldiak eta ordutegiak murriztuko dituzte (339 osasun zentroetatik 184k); 72 zentrok itxiera ordutegia aurreratuko dute, kasu gehienetan 20:00etatik 17:00etara; 44 kontsultategik udako hilabeteetako egun batzuk itxiko dituzte unean-unean; eta 10 kontsultategi uda osoan zehar itxiko dira; horiek guztiak, normalean, astean ordubete baino ematen ez duten zentroak dira. Osakidetzak azaldu duenez. "profesionalen atsedenarekin eta negua gainditu ondorengo eskaera txikiagoarekin bateragarri egiteko" hartuko du neurria.
Hala ere, Osasun sailak azpimarratu du osasun arreta "bermatuta" egongo dela udako hilabeteetan, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako sarea etengabeko arretako guneekin (EAG), larrialdietako zerbitzuekin eta etxez etxeko arretarekin batera koordinatuko delako.
"Gora egin dute murrizketek"
Halere, ELA eta CCOO sindikatuak haserrea agertu dute Osakidetzak mahai gainean jarri duen neurriarekin, eta zalantzan jarri dute osasun arreta bermatu egingo dela. ELAren esanetan, iaz baino "osasun zentro gehiagotan eta denbora luzeagoan" izango dira murrizketak. "Aurten, murrizketek gora egin dute, eta denbora tarte zabalagoa hartzen dute, eta iaz baino osasun zentro eta EAG (Etengabeko Arreta Guneak) gehiagori eragiten diete", esan du ELAk. Gaineratu dutenez, oraingo honetan, Osakidetzak ez du bermatuko osasun zentroak ekipo osoarekin irekiko direnik, "beraz, berriro ere fakultatiborik gabeko zentroak izango ditugula aurreikusten da". Bestalde, Etengabeko Arreta Guneetan, sindikatuak salatu duenez, mila lan txanda bete gabe egongo direla aurreikusi du Osakidetzak.
"Osasun Sailak dio ez dagoela murrizketarik, eta udan aplikatu beharreko neurri horiek langileen atsedena bermatzeko beharrezkoa den berrantolaketaren ondorio direla. Errealitate bakarra da murrizketen aurrean gaudela, Osakidetzak justifikatu nahi dituenak langileak eta haien eskubideak erabiliz", azaldu du ELAk.
CCOOk salatu duenez, aldi baterako "adabaki gisa" martxan jarri zuten neurria "egiturazko gaitz" bihurtu dela, eta urtez urte errepikatzen dela; "izan ere, Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dute epe ertain eta luzerako neurririk hartu nahi, profesionalak erakartzeko eta fidelizatzeko eta murrizketa horiek errepikatu edo minimizatu beharrik ez izateko". Sindikatuaren iritziz, epe ertain eta luzerako neurriak hartzen ez diren bitartean, egoera hori urtez urte errepikatzen jarraituko da, "are larriagoa izan daiteke, kategoria gehiagoren eskasia egongo delako, erizaintzarena kasu, dagoeneko ordezkatzea zaila baita".