Ostegun honetan abiatuko da Gasteiztik CaMinus elkartearen erromesaldia Erromara, "irisgarritasunaren enbaxadore unibertsalak" izateko helburuarekin. Aurrekoetan bezala, gurpildun aulki elektrikoan joango dira, eta hamar etapatan Bartzelonaraino iritsiko dira, 600 kilometro baino gehiago eginez. Bertan, itsasontzia hartu eta Civitavecchiara (Italia) iritsiko dira. Handik beste 80 kilometro egingo dituzte, Vatikano Hirira heltzeraino.
Frantzisko aita santuarekin hilaren 19an biltzekoak dira. CaMinus elkarteko kideek uste dute munduan 70 milioi lagun ingururi eragiten dieten gaitz arraroen berri eman eta zabaltzeko "pertsonarik egokiena" dela aita santua.
Irabazi asmorik gabeko elkartea da CaMinus. Elkarteko kideek ohar batean azaldutakoaren arabera, hiru helburu nagusirekin sortu zuten taldea: lehenik, gaitz arraroak existitzen direla azaltzea, eta ezin direla "horren arraroak". Bigarrenik, "positibotasuna eta baikortasuna" zabaltzea, "askorentzat pentsaezinak" diren ekimenak abiatuz. Hirugarrenik, gaitz arraroen ikerketa sustatzeko diru bilketa egitea, elkarteko kideen arabera ikerketan aurrera egitea baita gaixoentzako "itxaropen bakarra".
Orain arte, Done Jakue bide frantsesa eta mozarabiarra egin dituzte, Monegroetako basamortua (Zaragoza) zeharkatu dute, eta Euskal Herriari lehen bira eman diote gurpildun aulkian. Horrez gain, bestelako elkartasun ibilbideak, musika emanaldi eta hitzaldiak antolatu dituzte. Horietan guztietan gogora ekarri dute desgaitasunak ulertzeko garrantzia, horiek bizitzaren edozein unetan agertu daitezke eta.