Rock & Rollaren espiritua Arabako herrietara eraman nahi izan dute Azkena Rock Festival eta AFAko Kultura Sailak, beste urte batez. Hirugarren aldiz antolatu dute Araba ARF Tour, eta aurten Legution eta Zanbranan doako bina kontzertu eskainiko dituzte ekainean.
Hilaren 8an, larunbatez, Legution izango da ikuskizuna. Amann & The Wayward Sons talde bizkaitarraren blues rock doinuez gozatzeko aukera izango da, batetik, eta Colapso taldearen askotariko erritmoak ere bai, punk-rock musika, reggae, ska eta raparekin nahastuta. Zanbranako kontzertuak ekainaren 15ean izango dira, eta bertan arituko dira Los Retros bilbotarrak eta haien rock & rolla, eta Vuelo 505 taldea.
Azkena Rock Festivalaren atariko kontzertuak izango dira hauek, antolatzaileen esanetan. Jaialdi nagusia ekainaren 20tik 22ra ospatuko da Gasteizen, Mendizabalako ekitaldi gunean. Bertan izango dira Queens Of The Stone Age, Band Of Horses, Lendakaris muertos, Sheryl Crow, Jane’s Addiction eta beste hainbat talde, 56 guztira.