1.762 ikasle deituta daude hautaprobetara

Erredakzioa 2024ko mai. 30a, 16:34

Ekainaren 13an jakingo dira emaitzak. Argazkia: EHU

Batxilergoko ikasleen artean, hamarretik zazpik euskaraz egingo dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa.

1.762 ikaslek parte hartuko dute Arabako campusean ekainaren 5ean hastekoa den Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan. Orotara, EAEn 13.433 izango dira hautaprobetan parte hartuko dutenak.

Ohi bezala, gehientsuenak Batxilergoko ikasleak izango dira (1.667), baina beste 95 Lanbide Heziketatik iritsiko dira unibertsitatera sartzeko prozesura. Batxilergotik egingo dutenen artean, %58 emakumezkoak dira, eta %42, berriz, gizonezkoak.

Araban egingo dutenen artean, Batxilergotik iritsitakoen %73k euskaraz egingo dituzte azterketak; gainerako %27k gaztelaniaz.

Lanbide Heziketari dagokionez, EHUk ez ditu datuak bereizi lurraldeka generoaren eta hizkuntzaren arabera. EAE osoan 849 izango dira orotara. Horietatik %55ek euskaraz egingo dute, eta %45k, berriz, gaztelaniaz. Gehienak emakumeak dira: 565 emakumezkok eta 282 gizonezkok parte hartuko dute Arabako campusean. EHUk ohar batean aurreratu duenez, ekainaren 13ko eguerdian jakinaraziko dira emaitzak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago