Arabako Errioxako San Bizente ikastolari lagunduko diote aurtengo Araba Euskaraz jaiaren bitartez. Eta, hain zuzen, kuadrilla horretako helduen euskalduntzean lan handia egin duen IKA euskaltegia omenduko dute, 1983tik ari baitira helduak euskalduntzen. "Egin duten eta egiten ari diren lan handi hori aitortu eta omendu nahi dugu aurtengo ekitaldian", nabarmendu dute antolatzaileek gaur eginiko agerraldian.
Ekainaren 16rako prestatu dituzten jardueretako bat baino ez da izango omenaldia, ordea. Araba Euskarazen hasierako ekitaldian omenduko dute IKA, urte hauetan guztietan egindako lanagatik. "Gainera, Arabako Errioxako ikastolekin eskuz esku ari dira lanean, eta horren erakusle dugu, besteak beste, Tiki-ttaka euskara elkartea". Omenaldiaren ostean, baina, askotariko ikuskizun, tailer eta jolas eta jokoak prestatu dituzte, adin guztiei zuzendutakoak, baina, batez ere, haur, nerabe eta gaztetxoentzat. Goizeko hamarretan abiatuko dute jaia, Olarizuko etxaldearen ondoko auditorio begetalean. "Ostean, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango ditu Araba Euskarazera datorrenak".
Hiru gune
Hiru gune nagusitan banatuko dute jaia. Lautada gunean Armentia ikastolaren eskutik arte eszenikoak izango dira. Go!azen-en karaokea ere bertan izango da, eta Arabako ikastoletako ikasleek Mugaezin Txoua! eskainiko dute, eta Dantza Plaza eta Zunba ere izango dira gune honetan. Tailer eta jolasei dagokienez, bertan kokatuko dira Berriaren txokoa, Argitxoren txokoa, Eroski Elikadura Tailerra eta Makusi gunea.
Mendia gunean, berriz, Dantza mugaezin euskal dantzen topaketa egingo dute. Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik, berriz, Bertsotan saioa izango da. Mirotz, Akerbeltz eta Araba Euskarazen aurtengo kanta konposatu duen Eh, Mertxe! taldeen kontzertuak ere gune honetan entzun ahal izango dira. Tailer eta jolasen txokoak ere egongo dira; Haurren basoa, eta Kaikuren Abestu, Dantzatu eta Sortu tailerrarekin batera.
Erreka gunean, bestetik, Maria Arandiaren Magia eta mirariak familian ikuskizuna izango da, eta Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik eta DJ Malandroren kontzertuak ere bai. Halaber, gune honetan egongo dira Euskaltelen bizikleta kukaña eta puzgarriak.
Gainera, egun osoan, eta gune batetik bestera, gaiteroak, Gasteiz Kantuz, Arai erraldoien konpartsa eta Alt Maresmeko Castellers-ak ibiliko dira. Eta Arabako ikastoletako ikasleen Erronkak ere Olarizun egingo dira: Lehen Hezkuntzako ikasleak Mendia gunean arituko dira lehia sanoan, eta DBHkoak, berriz, gune guztietan. Olarizutik kanpo, Adurtza pilotalekuan, Arabako Herri Arteko Euskal Pilota txapelketako finalak jokatuko dira.
Zenbait aholku
Araba Euskarazen parte hartuko dutenentzat, zenbait aholku eman dituzte antolatzaileek. Gasteizera joateko garraio publikoa erabiltzea; ezinbestean autoetan doazenentzat aparkatzeko Ansoleta eta Uritiasolo poligonoak prestatu dituztela gogoratu dute; eta, azkenik, edalontziak etxetik ekartzeko eskatu dute, edota txosnetakoak erabiltzen badira, txosnetan bertan edo horretarako egokituko dituzten guneetan uzteko, berrerabilgarriak baitira.