Enpresetan euskara sustatzeko ereduak partekatu dituzte

Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 18:12

Ohi bezala, taldeetan banandu eta esperientziak partekatu dituzte. Argazkia: AFA

Hizkuntzaren kudeaketa jorratu dute Arabako Enpresen foroan. Sirimiri eta Oreka IT enpresek beren esperientzien berri eman dute.

28 enpresa eta eragile sozioekonomikok hartu dute parte astelehen honetan Gasteizko Europa jauregian egin den Arabako Enpresen X. Foroan. Besteak beste, Mutualia, El Corte Ingles, Indesa 2010, SEA, Arabako Merkataritza Ganbera edo Boulevard merkataritza zentroa izan dira bertan.

Oraingo edizio honetan, arlo soziokulturalean zerbitzuak ematen dituen Sirimiri enpresak eta Oreka IT informatika aholkularitzak eman dute euskararen alde beren entitateetan egindako lanaren berri. 

Hala, Andoni Ramos Sirimiri enpresako kideak Mintzatratuen dinamikaren berri eman du. Urte hasieratik lankideen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko lanketa egin dute enpresan, eta, horri esker, 24 pertsonek konpromisoa hartu dute euskara gehiago erabiltzeko. Modu honetan, langile bakoitzak erabakitzen du zer egingo duen euskara gehiago erabiltzeko; zein lankiderekin eta zein egoeratan saiatuko den. Norberak erabakitzen du noraino dagoen prest ahalegina egiteko, eta horregatik emaitza positiboa izan dela uste du Ramosek, aldundiak helarazitako ohar baten arabera. Azaldu duenez, gainera, "lankide asko gustura sentitu dira" dinamikak iraun duen denboran, eta horrek aurrera begira "euskara gehiago erabiltzeko motibazioa" sortu du enpresan.

Oreka IT enpresako Euskara Batzordeko Amaia Rubio eta Ione Bahon lankideek, bestetik, nabarmendu dute hasieratik egin dutela zerbitzua euskaraz egitearen aldeko hautua, besteak beste, hizkuntzaren bidetik bezeroarekiko konfiantza "errazago" lortzeko modua dutelako. Enpresara sartzen diren lankide berriek lehen momentutik dute euskararekiko harremana, hasierako lan elkarrizketatik bertatik. Modu horretan, talde "kohesionatuago eta motibatuago" bat lortu dute enpresan, bai eta enpresarekiko atxikimendua ere.

Lanabes proiektuaren sustatzaileen izenean, Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak ahalegin hauek guztiak goraipatu ditu. Are, adibide hauek "eredu on" gisa katalogatu dituzte foroan.

Atzoko bilkuran, Galder Lasuen Euskaliteko ordezkariak hizkuntzen kudeaketan eragiteko praktika onen bilatzailea aurkeztu du. Modu berean, Lanabes proiektuan garapen teknikoa ematen duen Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzako kideek dinamika bat antolatu dute. Bost taldetan banatuta, denen artean hausnarketa egin dute, enpresetan euskarak zein leku eduki beharko lukeen adostu aldera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago