Ekainaren 18tik 21era 44 kilometro egingo dituzte oinez Zadorraren puntu batetik bestera, bi egun eta hiru gauetan zehar. Gonbidapena ere zabaldu dute Azala Espazioko kideek. Martxaundi ibilaldiaren edizio berri bat aurkeztu dute, Garaion Sorgingunearekin batera. Izan ere, Azalatik Garaionera egingo dute aurtengo martxa. Izen emateko epea zabalik dago oraindik, esteka honetan sakatuta. 50 € balio ditu, afariak barne. Izen emateko fitxategian dago informazio guztia.
Antolatzaileen hitzetan, gauero udaberriari agur esango diote kanpoan lo eginez. Lasierrako basoaren inguruan igaroko dute lehen gaua, eta zeruko izarren irakurketa egiteko aukera izango da Susana Malon fisikari eta astronomoaren laguntzaz. Bigarren gauerako Mendozako dorretxera hurbilduko dira, eta Itziar Rekaldek kontatuko ditu loak hartzeko ipuinak. Hirugarren gaua, ekainaren 20tik 21erakoa, dantzan igaroko dute Garaioneko zelaietan, udako solstizioa ospatu eta udaberriari behar bezala agur esateko.
Ekainaren 21 goizaldean Lera, lera, irrika eta lera proiektuaren baitan diseinatutako lehen zirriborroak aurkeztuko dituzte Garaionen, Iara Solano eta Garbiñe Ortegaren eskutik. Diseinu espekulazio proiektua da Lera, lera irrika eta lera. Irudimen kolektiboari loturiko proiektua da, "etorkizun emankor, bizi eta alaia"diseinatu asmo duena Arabako kulturarentzat. "Amets egin nuen haren ezpainetan zegoela etorkizuna". Urtarrilean hasi eta ekainera arte arituko dira Santa Katalinako lorategi botanikoan artearen loraldiari buruzko jaialdi bat diseinatzen, eta urari lotutako arteari eta kulturari buruzko programa bat sortzen landa inguruan.