2004 eta 2007 urteen artean Alavesen presidenteorde eta Dmitry Pitermanen gertuko kolaboratzailea izan zen Jose Nereo Ruizen aurkako epaia jakinarazi du gaur Arabako Probintzia Auzitegiak. Bidegabeko jabetzearen delitu jarraitua eta sozietate-arloko delitu jarraitua leporatu dizkio, eta guztira lau urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri dio.
Lehen delituagatik bi urte eta sei hilabeteko espetxealdia dira, eta urtebete eta bederatzi hilabetekoa bigarrenagatik. Erantzukizunaren arloan, halaber, honako hau agindu du: "Deportivo Alaves S.A.D. merkataritza-sozietateari 2.937.682,6 euro ordaindu beharko dizkio".
Alaves pozik agertu da epaiaren berri izatean. "Egungo administrazio kontseiluak behin eta berriz bilatu du ebazpen hori azken urteotan, eta, azkenean, justizia egin da, auzipetuaren erruduntasuna aitortuz", adierazi du ohar batean talde babazorroak. Era berean, nabarmendu du erakundeak lanean jarraituko duela Dmitry Piterman epaitua izan dadin eta "bere kudeaketagatik urteetan egindako kaltearen erantzule" izan dadin.