Data Value Management enpresak irabazi du aurtengo Arabako Ekin saria. Big data darabilen eta Arabako Parke Teknologikoan kokatuta dagoen aholkularitza enpresa da Data Value Management. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak sustatutako sarien antolatzaileek nabarmendu dute Olaia Gomezek eta Borja Balpardak bultzatutako enpresak azken bi urtean negozio zifra %140 handitu duela. Gaur egun hamabi langile ditu.
Bestetik, La Rioja Alta upategietako presidente Guillermo de Aranzabali eman diote Ekintzaile Handia Saria. Upategien taldeko burua izateaz gain, Agromotor eta Albertia erresidentzia pribatuetako burua ere bada. Diputazioak zabaldutako oharraren arabera, De Aranzabalek "inguruko eta lurraldeko upeltegiekin sinergiak" sortu ditu, eta ardoak "mundu osoan" saldu ditu. Agromotorren autoak saltzeaz gain, "higiezinen kudeaketa" egiten du ere. Erresidentzia pribatuetako negozioari dagokionez, nabarmendu dute 3.200 pertsona baino gehiago artatzen dituela 22 zentrotan.
Ekitaldi berean Zure ideiak balio du lehiaketako proiektu irabazleak iragarri dituzte. Hauek izan dira saritutakoak: Kirola Taupaka (Vital Fundazioa saria), 2cyBIKES (Aclima saria), 4 eskuko ekitaldiak (Gasteiz ON saria), O'Live Living (Eroski saria), Vagary Mobility (Michelin saria), Monitorizazio Dermikoa Biosentsoreekin (I+Med saria), Integram (RPK sari berezia eta publikoaren saria) eta Naturaren Lagunak (Deustuko Unibertsitatearen sari berezia).