Behin goizeko lainoak altxatuta, geratuko diren hodei apurrak desegin eta giro eguzkitsua gailenduko da gaur. Haizeak gehienbat ipar-ekialdetik egingo du ufa, aparteko indarrik gabe. Tenperaturek goranzko joeran jarraituko dute, 7 graduan hasi eta 20 gradura iristeraino.
Asteburuari begira, larunbata eguzkitsu mantenduko da egun osoan. Izan ere, ortzia erdi eta goi mailako hodeiez baino ez da zipriztinduta egongo. Igandeari dagokionez, Euskalmetek batetik dio zerua hodei gutxirekin egongo dela eta arratsaldean behe-hodeien tarteak izango direla; bestetik, oso hodeitsu egongo dela jarri dute alboan. Nahieran. AEMETen arabera, estalita egongo da, eta euri apur bat egin lezake ere. Tenperaturei dagokienez, larunbatean bero asko espero da, Gasteizen 7 eta 26 gradu arteko aldea iragarri baitute. Igandean, berriz, 9 eta 18 gradu artean mantenduko dira.