Berriztagarriak bai, negoziorik ez! lelopean, elkarretaratzea iragarri du Kastillo Bizirik koordinadorak larunbaterako, maiatzaren 25erako. Otxandioko plazan egingo dute, 13:30ean, Araba eta Bizkaia arteko mugan kokatu nahi duten parke eolikoaren kontrako mobilizazioa.
Legutio, Ubide eta Otxandio arteko mendixketan –Motxotegi, Kastillo, Aiago eta Larragorri artean– paratuko duten parke eolikoaren kontra agertu dira hainbat bizilagun, eta proiektuari alegazioak egin ostean, Kastillo Bizirik koordinadorak egindako lana aurkeztuko dute larunbateko ekitaldian.
Plaury Energy erakundeak sustatu du Kastillo parke eolikoa. 20,5 milioi euroko inbertsioarekin, proiektu honek lau aerosorgailu aurreikusten ditu, 120,9 metrokoa bakoitzak. Koordinadoratik azaldu dutenez, hainbat kalte eragingo ditu inguruan, paisaia edota kultura ondareari tartean. "Etxebizitzak daude 150 metrora. Gainera, aerosorgailuek 10km-ra iristen diren zaratak sor ditzakete". Landare eta animaliei dagokienez, halaber, interes berezi gisa katalogatutako zuhaitzak daudela gogoratu dute, eta zaurgarri gisa katalogatuta dauden animali espezieak ere.