Maiatzaren 30ean greba egun berri bat izango da Arabako erresidentzietan. Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetako langileak deitu dituzte grebara ELA eta LABek. Sektore honetan lehen hitzarmen probintziala adostea aldarrikatzen dute sindikatuek. 2024. urteko bigarren greba eguna izango da, 34 egin dituzte 2019tik hona.
Hitzarmenaren negoziazio mahaia blokeatuta dago. ELA eta LAB sindikatuek diotenez, patronalaren "borondate eskasa" eta Arabako Foru Aldundiaren "interes falta" dira geldialdia eragin dutenak. Eusko Jaurlaritzari ere leporatu diote greba egunetan ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan direla, eta langileen greba eskubidea oztopatu dutela.
Zaintza sektorea erabateko prekarietate egoeran dagoela salatu dute sindikatuek. Ohartarazi dutenez, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren bueltan dabiltza soldatak eta, bestalde, gehiegizko partzialtasuna dago, urteko 1.792 orduko lanaldia bete behar dute langileek, gehiegizko ratioak jasaten dituzte eta ez dago lan osasunaren prebentziorik.
Egoera honen aurrean, ELA eta LABek berriro deitu dute mahai negoziatzailea, eta adierazi dute espero dutela patronala haien eskakizunetara gerturatzea. Izan ere, kritikatu dute azken bileretan patronalak egindako proposamenek sektorearen prekarietatea betikotzen zutela.
Maiatzaren 30a mobilizazio eguna izango da, beraz. 11:00etan kalejira aldarrikatzaile bat egingo dute Gasteizko Plaza Berritik abiatuta. Arratsaldean, manifestazioa nagusia egingo dute, 18:30ean, Bilbo plazatik abiatuta Diputazio plazaraino.