Arabar herrietako historia eta istorioak amonen kontakizunaren bitartez ezagutarazteko proiektua aurkeztu du Arabako Diputazioak. Arabako herriak Amamengandik bilobengana izena eman diote egitasmoari. Titulutik ondorioztatu daitekeenez, hainbat adituk herrien inguruko informazioa jaso dute amamengana joz, herrietako historia eta istorioak bildu, eta horiek ondoren partekatzeko asmoz. Amonek beren biloben aurrean hitz egiten dute herriaren bueltan; modu berean, tokian tokiko kronisten dokumentazioaren bidez osatu dute kontakizuna.
Añana, Amurrio, Artziniega, Asparrena, Barrundia, Kanpezu, Urizaharra, Agurain, Gaubea eta Bastida dira proiekturako aukeratu dituzten lehen hamar herriak, eta horien inguruko gidak paratuko dituzte turismo bulegoetan eta beste zenbait gune turistikotan.
Diputazioak dio katalogo hori "zabaltzeko eta osatzeko" asmoa duela. Modu berean, arabakoherriak.com webgunean jarri dute informazio guztia.
Besteak beste, Cristina Gonzalez Turismo foru diputatuak, Josune Irabien Emakundeko idazkari nagusiak eta Inma Roiz eta Itziar Herran proiektuaren sustatzaileek parte hartu dute atzo Gasteizen egindako aurkezpenean. Haiekin batera izan dira, besteak beste, Jesusa Nieva Gaubeako amona eta haren biloba Sonia, beste hainbat alkaterekin.
Gonzalezek nabarmendu du turismoa sustatzeaz gain herrietako ondare immateriala jaso eta zabaldu nahi izan dutela egitasmoarekin. Haren esanetan, lana abagunea da herriak "beste begirada batekin bisitatzeko". Zeregin horretan amonen kontakizuna izango da gidari.