Iñaki Rikarteren 'Forever' obrak jaso ditu Max izendapen gehien

Erredakzioa 2024ko mai. 20a, 18:59

Kulunka taldearen 'Forever' maskara obra. Argazkia: Kulunka

Larrua dantza konpainia gasteiztarraren 'La casa vacía' ere izendatu dute dantza ikuskizun onena eta musika konposizio onena ataletan

Espainiako arte eszenikoen Max sarien aurtengo izendatuen zerrenda ezagutarazi dute gaur, uztailaren 1ean Tenerifen banatuko dituzten sariak, eta, horien artean, Iñaki Rikarte antzerki zuzendari gasteiztarraren 'Forever' obrak jaso ditu izendapen gehien.

Kulunka konpainiaren obrak, hain zuzen, antzerki ikuskizun onenaren, egile onenaren, zuzendaritza onenaren eta eszena diseinu onenaren ataletan izango da hautagaia. Iñaki Rikartek, Garbiñe Insaustik, Edu Carcamok eta Jose Daultek idatzitako lana da, eta Rikartek berak zuzendu duena. Atal horretan, gainera, Maria Goirizelaia bizkaitarrekin lehiatuko da, Nevenka obragatik hautatu baitute zuzendaritza onenaren atalerako.

Maskara antzerkiko lana da Forever, "urruntze baten istorioa", eta konpainiak azaldu duenez, "umorez eta ironiaz islatzen ditu maitasunaren kontraesanak", eta, horien bidez, fokupean jartzen ditu hainbat gai, hala nola gurasotasuna, heziketa, desgaitasuna, gehiegizko babesa, sexualitatea eta indarkeria.

Kulunkaren obrarekin batera, Larrua konpainia gasteiztarraren La casa vacía ere izango da dantza ikuskizun onena eta musika konposizio onenaren Max saria jasotzeko lehian. Mar-Mar, Dantza Bertikala eta Kukai konpainiak ere hautatu dituzte izendapen desberdinekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago