Hegoi Amabizkak irabazi du 2024ko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapela. Aroa Arrizubieta Arabako txapeldunak jantzi zion txapela, eta urtero txapeldunez txapeldun ibiltzen den egurrezko mikrofonoa ere jaso zuen Hegoik. Sei bertsolari gazte aritu ziren oholtza gainean larunbateko finalean. Hegoi Amabizka, Urko Lafuente eta Samuel Rodriguez gasteiztarrak, Trebiñuko June Astegieta eta Iraide Onaindia eta Anitz Abarrategi Aramaiotik.
Oihane Perea, Irati Anda eta Peru Abarrategi epaimahaikideen aurrean hainbat ariketa egin behar izan zituzten bertsolariek. Zortziko handian bina bertso, azterketak, lagun taldeak eta parrandak hizpide hartuta. Zortziko txikiko ariketa ondoren, umorea lantzeko aukera beti bezala. Jarraian, bakarkako puntu-erantzunak eta gaiari egindako bertsoa. Epaimahaiak banatutako puntuen ondorioz, Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia izango dira Araba ordezkatuko duten bertsolariak Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan, Arantzako herrian ospatuko dena aurten.
Taldekako saioa
Arratsalde hasieran beste saio bat gozatzeko aukera izan zuten entzuleek Aramaion, hainbat eskualdetako bertsolari gazteen taldekakoa. Gorbeialdea, Lautada eta Gasteizko taldeak lehiatu ziren oholtzan. 2 oinetan, 4 oinetan, amaiera eta 3 oin emanda, aurrekoak atzekoari eta ofiziotan koplaka izan ziren bete behar izan zituzten ariketak. Amaitzerako, Gasteizko taldea izan zen irabazlea.