Casas-Cabanas izendatu dute Energiguneko zuzendari zientifiko

Erredakzioa 2024ko mai. 16a, 16:12

Kimikaria da Casas-Cabanas, eta Materialen Zientzian doktorea. Argazkia: CIC ENERGIGUNE

2011n abiatu zenetik ikerketa zentroan lan egin du kimikari katalanak. Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze arloko zientzia lana gidatuko du.

Montse Casas-Cabanas ikertzailea CIC Energiguneko zuzendari zientifiko izendatu dute, ikerketaren alorrean euskal zentroak duen goreneko ardura erdietsita. Hala, Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze arloa gidatuko du hemendik aitzin; orain arte, arlo horretako koordinazio lanetan ibili izan da.

Casas-Cabanasen ikerketa arlo nagusia bateria kimikoei dagokie, horien diseinua "jasangarritasun ikuspegiarekin" landuz. Zehazki, orain arteko haren ikerketa lerro nagusia "kristalokimikak elektrodo-materialetan duen eraginaren azterketa" izan da, ikerketa zentroak azaldu duenez.

Nuria Gisbert zuzendari nagusiaren esanetan, "promozio profesionalarekin eta berdintasunarekin" duten "konpromisoaren erakusgarri" da izendapena. Gisbertek nabarmendu du urte hauetan guztietan zientzialariak CIC Energiguneren "hazkundeari eta posizionamenduari ekarpen nabarmenak" egin dizkiola.  

2021ean, Kimikako Espainiako Errege Elkartearen Ikertzaile Gaztearen Saria eman zioten, eta nazioarteko hainbat hezkuntza programa eta ikerketa saretan ere parte hartu du. Modu berean, Europa mailako ikerketa taldeetan aritu izan da. Besteak beste, Stanfordeko Unibertsitateak (AEB) egin duen Munduko Ikertzaile Eraginkorrenen azken sailkapenean EAEko hamargarren postuan agertzen da.

Izendapena "ohore handiz" hartu du Casas-Cabanasek, eta "bihotzez" eskertu du urte hauetan guztietan jasotako "laguntza eta konfiantza". Aurreratu du "lankidetzaren eta bikaintasunaren kultura" sustatzen jarraituko duela ardura berritik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago