Zazpi hilabete dira Santa Luzia auzoan fisioterapia zentroa ireki zuenetik –fisioterapiavitoria. com–. Hamasei urteko esperientziarekin, lanean zebilen zentroa utzi, eta bere kasa hastea erabaki zuen. "Lanarekin batera, formakuntza desberdinak egin izan ditut urte hauetan guztietan, eta aurreko lanean horiek aplikatzeko zailtasunak nituela ikusirik, neure kontura jartzea erabaki nuen. Hori izan da nire motibazio nagusia", azaldu du Idoia Gallastegik. Pazienteari "ahalik eta eskaintza osatuena" ematea du xede, eta horretarako adar desberdinei heldu die.
Fisioterapia ikasketekin batera, besteak beste, osteopatia eta medikuntza txinatarra ere ikasi ditu hainbat urtez, pazientea artatzeko erreminta ugari ditu eskura. "Oso arraroa da nik saio batean teknika bakarra erabiltzea. Hamaika baliabide izaten ditut aukeran, betiere pertsonaren arabera, egiten dudan tratamendurako prest egon behar baita". Masajea hartzea izaten da pazienteek buruan izan ohi dutena gehienetan, baina bestelako aukerak ere eskaintzen dizkie Gallastegik: "Batzuetan akupuntura orratzak jartzen ditut zenbait puntutan antsietateari aurre egiteko, osteopatia ere lagungarri izan daiteke beste zenbaitetan, eta baita bezeroarekin hitz egitea ere; denak izan daitezke osagarri".
Urte askoan bere paziente izan direnekin edota ahoz ahokoaren bitartez iritsi diren berriekin, Los Astronomos kaleko zentro berriak "oso harrera beroa" izan duela nabarmendu du, eta auzoan ere gogoz hartu dutela. "Inguruko jende askok eskertu duela uste dut; Santa Luzia auzoan ez zegoen fisioterapia klinikarik, eta bertako jende nahikotxo gerturatu zait". Izan ere, Gallastegik duen indargunea pazienteekin duen tratua da. "Jendea mimatu egiten dut, eta uste dut etortzen den jendea babestuta eta zainduta sentitzen dela; niretzako, pertsona bakoitza bakarra da, eta bakoitzak gauza bat behar du, eritasun bera izanda ere; artatzeko era ere desberdina izan daiteke".
"Bizkarra izaten da ahulgune nagusia, eta atzean estresa, XXI. mendeko gaitza"
Idoia Gallastegi, Fisioterapeuta
Gerturatzen diren lagunen artean bizkarra izaten da ahulgune ohikoena, azaldu duenez, "eta horren atzean XXI. mendeko gaitza dago: estresa". Estres fisiko edo emozionala izaten dute pazienteek maiz, eta hori bizkarrean fokalizatzen da askotan. Horri aurre egiteko, egunerokoan, ariketa txiki bat proposatu du: arnasa sakon hartzea. "Alde batetik, etena egiten duzu, eta, beste alde batetik, diafragma bere osotasunean jartzen duzu martxan, nerbio-sistema parasinpatikoa; horrek lasaiago egoten lagunduko digu".
Horrekin batera, ariketa fisikoa egitea ere gomendagarria da, neurrian beti: kardioa eta indar ariketak. "Duela gutxira arte, kardioari ematen zitzaion garrantzia, eta azken urteetan ikusi da indar ariketak egitea ere oso garrantzitsua dela, besteak beste, osteoporosia prebenitu edota giharrak garatzeko". Gero eta kirol gehiago egiten bada ere, teknikak zaindu ez edo gaizki bideratutakoak ere izaten dira askotan, eta gainkarga horien ondorioz hainbat lagun gerturatzen da zentrora: "Kirola egitea bezain garrantzitsua da etenaldia egiten jakitea".