Juan Etxebarria, Gustavo Maeztu eta Angel Olarte margolarien lanekin osatutako Ibilbideak izeneko erakusketa aurkeztu du Arabako Arte Ederren Museoak. Horrez gain, Maria Antonia Proietti italiar modeloa agertzen duten obrekin beste erakusketa bat atondu du. Bi erakusketak 2025eko urtarrilaren 26ra arte ikusi ahalko dira.
Erakusketan diren lan gehienak XX. mendearen lehen herenean egindakoak dira. Museoak zabaldutako ohar batean nabarmendu dute Etxabarriak "pintura molde abangoardistenen" alde egin zuela, eta, besteak beste, 98ko Belaunaldiko idazleen erretratuak, ijitoen gaiak, natura hilak eta paisaiak margotu zituela.
Gustavo Maeztu, berriz, euskal margolari "kosmopolitenetako bat" izan zen, eta olio pinturak, marrazkiak, pastelak eta akuarelak margotu zituen. Angel Olarteri dagokionez, museoak azpimarratu du "planteamendu postinpresionistetatik hurbil dagoen lengoaiaz" baliatu zela bere ibilbidean, askotan karga sinboliko handia ezarriz.
Proietti modeloa
Ignacio Diaz Olano eta Fernando Amarika arabar margolariek lan batzuetan partekatu zuten Maria Antonia Proietti modeloaren gaineko erakusketa txikia ere paratu du Arte Ederren Museoak. Gehienbat Diaz Olanoren modelo nagusia izan bazen ere, Amarikak ere erretratatu zuen Proietti. Azken artista honek, gainera, modeloaren alaba Maria Angela Mancurti ere erretratatu zuen. Museoak formatu txikiko zazpi margolanekin osatu du erakusketa. Olio pinturez gain, pastel bat eta Amarikak ikatzez egindako marrazki bat daude obra horien artean.
Diaz Olanok 1894an Erromara joan zenean ezagutu zuen Proietti. Ondoren, harreman profesionala eta pertsonala hasi zuten, museoak zabaldutako informazioaren arabera. Erroman bi urte eman ondoren, bikotea eta Proiettiren alaba Gasteizera joan ziren. Araban emandako urteetan, besteak beste, Olanoren estudioaren eta akademiaren kudeaketaz arduratu zen Proietti, eta modelo gisa ere aritu zen.