Maiatzetik urrira bitarteko mendi irteeren programa martxan jarri du Vital Fundazioak. IbilVital gisa izendatu duten programa hau mendira hurbildu ohi ez direnentzat pentsatuta dago gehienbat.
Fundazioak ohar batean ezagutzera eman duenez, "edozein adin edo egoera fisikotako pertsonentzat" eskuragarria izateko diseinatuta daude ibilbideak. Modu horretan, mendizaletasuna "publiko guztiengana" hurbildu asmo dute. Are, mugikortasun urriko pertsonek ere har dezakete parte txangoetan.
Fundazioaren webgunean erreserbatu beharko dira plazak, 5 euroan. Prezio horren barruan garraioa, gida profesionala eta interesgune baterako bisita gidatua sartuta egongo da. Kasu guztietan autobusa Gasteiztik aterako da.
Maiatzaren 25ean egingo dute aurrena, Portillako gaztelurako bisitarekin. Ondoren etorriko dira Vasco-Navarro ibilbidea Antoñanan, Zirauntza ibaiaren iturburua, Munaingo haritzak, Caicedo Yuso lakua eta Gatz Harana, Arno-Opakuako labirintoa, Otogoien-Otobarren-Iruña Veleia, eta Guardiako aintzirak.