Atzo hasitakoaren bide beretik joko du astearteak ere. San Isidro ate joka dagoela, euriak lurra bustiko du, batez ere arratsaldean. Ekaitz modura etorri daitezke horiek. Haizeak iparretik joko du, eta tenperatura maximoak amilduko dira aurreko egunekin alderatuz: Gasteizko alde termikoa 8 eta 17 gradu artean ibiliko da.
Antzeko giroak segida izango du bihar, zerua hodeitsu egongo baita, eta han-hemenka zaparradak botako dituelako. Oraingoan ere, arratsaldean pilatuko da euria egiteko arrisku gehiena, eta ekaitzak egon daitezke. Eolo hegotik ariko da hasieran, baina gero ipar osagaia hartuko du. Maximoak bere horretan mantenduko dira, goiko koska 17 graduan izanda. Minimoak, berriz, are gehiago jaitsiko dira: 5 graduan baino ez.