Eztabaida eta zer pentsatu asko eman digun erabakia izan da. Alde batetik, oso garrantzitsua da edozein komunikabidek teknologia berriek ematen dituzten aukerak baliatzea, edota haiekin esperimentatzea, besteekiko lehian atzean ez geratzeko. Baina, beste batetik, TOKIKOMeko komunikabideok bi ezaugarri nagusik definitzen gaituzte: gertutasunak eta euskarak.
Teknikoki, oso erraza litzateke gure webguneetan botoi txiki bat jarri eta, hari sakatuta, sortzen dugun eduki guztia itzultzea, batez ere hizkuntza handietara: gaztelera, frantsesa, ingelesa... Nondik begiratzen zaion, halako mugimendu batek abantaila handiak ekarriko lizkiguke: bisita gehiago eta beraz publizitate sarrera gehiago, bilatzaileetan errazago agertzea eta ezagunagoak izatea, beste hedabide batzuen agenda informatiboan errazago eragin ahal izatea...
Baina euskarazko komunikabideak gara, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Gure zereginaren zati bat da ikusaraztea badela gure eskualde, herri eta auzoetan euskaraz garatzen den bizi eta dinamika zabal eta aberatsa.
Beraz, nola uztartu izaera hori aurrerapen teknologikoek eskaintzen dizkiguten tresna berriak probatzeko gogoarekin? Lehen pausu bat egin dugu gaurkoan: esan bezala, erredakzioak sortutako edukietan, lerroburua eta sarrera beste hizkuntza batzuetara itzultzeko aukera aurkituko duzue.
Uste dugu era horretan kontatzen dugunaren mamiaz jabetzen lagundu ahal diegula euskaraz ez dakiten edo ikasten ari diren bizilagunei, aldi berean argi utzita jatorrizko edukia euskaraz landuta dagoela. Euskara egunerokoan gertutik bizi ez duten herritarrengana gerturatzeko modua da. Gure hizkuntza beraien bizitzan txertatzen joateko lehen urratsa.
Oraingoz, teknikoki errazenak diren hizkuntzak gehitu ditugu sistemara: gaztelera, frantsesa, ingelesa... baina beste hizkuntza minorizatu batzuk ere gehitu ditugu (galegoa, katalana...) eta, teknikak ahalbidetzen duen neurrian, gure asmoa da pixkanaka-pixkanaka gure inguruan entzuten ditugun bestelako hizkuntzak ere gehitzen joatea. Iruditzen zaigu, ondo erabiliz gero, adimen artifizialak eta itzulpen automatikoak hizkuntza eta kultura aniztasunari lagundu ahal diotela, eta hurrengo hilabeteetan ahaleginak egingo ditugu zentzu horretan: euskaratik eta euskaraz, baina inguruan dugun aniztasun hori babesten eta sustatzen.
Ez beldurtu edo haserretu, beraz: itzultzeko botoiak txertatu izanak ez du esan nahi gure betiko izaerari uko egin diogunik. Inguruko tresnek zer joko ematen diguten jakiteko probak egin eta zuokin partekatzeko ahaleginetan gabiltza. Iritzirik edo ideiarik baldin baduzu, pozik jasoko ditugu!