Araban ekoizpen ekologiko ziurtatua izaera duten laboreak %28 handitu ziren iaz, 5.933 hektareara iritsita. Arabako Aldundiak emandako datuen arabera, horrek esan nahi du EAEn ekoizpen mota horretara bideratuta dauden lurren %55 Araban daudela.
Hektarea kopuru horretatik, ordea, gehienak animalien elikadurara bideratuta daude, aldundiak berak emandako datuen arabera. Hala, %67 (4.009 hektarea) larre, belardi, bazka eta proteaginosei bideratuta daude. Gehienbat giza kontsumoari bideratutakoaren artean, bigarren multzo nagusia ardoa ekoiztera bideratuta dago, 1.368 hektarea mahatsondoei bideratuta baitago.
2015-2023 aldian horiek dira gehien handitu direnak: %547 larre eta antzekoen kasuan, eta %294 mahastien kasuan. Olibadiak %163 handitu dira; lekaleak, %127; eta, zerealak, %118. Diputazioak ez du eman oharrean azken hauek osatzen duten azalera totala.
Abeltzaintzako ekoizpenei dagokienez, 2023an 43 ustiategi egon ziren. Horien artean, 21 behi azienda eta 13 zaldi azienda.
2023ko datuei helduta, gure lurraldean 235 ekoizle erregistratuta daude ekoizpen mota horretan. Atzo kontrol bilkura batean Amaia Barredo Nekazaritza diputatuak nabarmendu zuen lehenen sektorea "funtsezko eragilea" dela "klima aldaketaren aurkako borrokan", eta "trantsizio agroekologikoaren bultzatzailea" dela.
Aldundiak dio azken bederatzi urteetan 4 milioi euro inguru bideratu dituela horrelako praktikak sustatzeko. 2023an 740.000 euro bideratu zituen laguntza eskatu zuten 128 ustiategietara.