Minbiziaren Aurkako Ikaskuntza-Zerbitzua Gela izenekoa sortzeko hitzarmena iragarri dute Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta EHUk. Arabako Campuseko Errektoreordetzan egongo den gela berriak "prestakuntza, ikerketa eta dibulgazio jarduerak" egingo ditu minbiziaren prebentzioaren eta biziraupenaren alorrean, EHUk ohar batean azaldu duenez.
Hala, minbiziaren aurkako ikerketa, minbiziaren prebentzioari buruzko hezkuntza, bizi ohitura osasungarrien sustapena, jarduera fisikoa eta nutrizioa, eta pazienteentzako eta haien familientzako laguntza psikosoziala jorratuko dituzte. Gelan prestakuntza, ikerketa eta ezagutzaren dibulgazioa sustatzeko ekintzak antolatuko dituzte. Modu berean, azterlan eta ikerketa lan akademikoak egin nahi dituzte, borondatezko praktikak, edo eta gradu eta master amaierako lanen eta doktorego tesiak. Horrez gain, jardunaldiak, bisitak, mintegiak eta prestakuntza ikastaroak antolatuko direla iragarri dute.
Hitzarmena sinatu ostean, urteko jarduera plana osatzeko batzordea bildu da. Bertan parte hartu dute Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordeak, Amaia Inza AECC Gelako zuzendariak, Julio Maria Callejak eta Mirari Aierbek —EHUren izenean—, eta Miren Lourdes Bilbaok, Gorka Orivek eta Monica Morenok, Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen izenean.