Sare sozialetan "otsoa defendatzeagatik", erretiroan dagoen Andoni Diaz basozain arabarrak "mehatxuak" jaso dituela salatu du gaur Ekologistak Martxan erakundeak.
Diazek joan den apirilaren 26an jarri zuen salaketa Ertzaintzak Lakuan (Gasteiz) duen komisarian, erretiroan dagoen basozainak berak sare sozialen bidez ezagutzera eman zuenez. Nekazari batek "gogor mehatxatu" zuela ezagutarazi zuen egun horretan Diazek. Sareetan argitaratutako mezuetan erantsi zuen "espezie guztien arteko elkarbizitza" posible ikusten zuela.
Diazekiko elkartasuna adierazi dute gaur ekologistek. "Eztabaida eraikitzailea eta errespetuzkoa sustatu behar duen gizarte demokratiko" batean jokabide "intolerante eta bortitz horiek guztiz onartezinak" direla dio Ekologistak Martxan-ek. Hori dela eta, "errespetuzko eta tolerantziako giroa" galdegin dute.