Arabako Foru Aldundiak Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren 2024-2025 deialdia onartu du, tokiko erakundeei (kontzejuei, udalei eta kuadrillei) azpiegitura eta ekipamendu obrak egiteko laguntza lerroa. Programa berrian, 119 erakundek eskatutako ekintzetatik 127 finantzatuko dira; eta 39,1 milioi euro baino gehiago jasoko dituzte, planak garatzeko.
Amurrioko udal pilotalekua berritu eta handitzea, Aiarako kuadrillaren egoitza berria lehengo sindikatuaren eraikinean egokitzea, Karkamuko urbanizazioa, Guardiako hirigune historikoko azpiegiturak berritzeko eta zoladura jartzeko bosgarren fasea edo Uribarri Gaubeako urbanizazioa diruz lagunduko dira, besteak beste.
Foru planaren deialdi berrian Aiara izango da diru gehien jasoko duen kuadrilla, 10,3 milioi euroko laguntza jasoko baitu obrak egiteko. Atzetik Añana (8,15 milioi euroko inbertsioa), Lautada (5,09) eta Gorbeialdea (4,7) daude.