Teresa Ibañez (Murgia, 1944) aktorearen eskutik hasi dira aurtengo Arabako jaiak. Aktoreak antzerkian, zineman eta telebistan egindako "ibilbide oparoa" goraipatu du Arabako Aldundiak, genero berdintasunaren alde egindako lana nabarmendu du, eta hari eskaini dizkio lurraldeko jaietako pregoilari lanak. Antzerkiaren historian atzera arakatuta, haren haurtzarotik eta Arabatik ere bidaia egin du jaietarako dei nagusian.
Sorpresa izango zen pregoilari izateko eskaintza, ezta?
Erabatekoa! Badira gauza batzuk sekula burutik pasatzen ez zaizkizunak, eta horietako bat zen niretzat San Prudentzioko pregoilari izatearena. Gehiegi pentsatu gabe esan nuen baietz, eta gero jabetu nintzen benetan egindakoaz. Eta, ez pentsa, urduri izan naiz egunotan. Erantzukizun handia izan da Arabako jaiei ongi etorria ematea. Gainera, egun batzuk ezer kontatu gabe egon behar izan dut, eta ez da batere erraza izan sekretua mantentzea.
Antzerkia ezin zen falta pregoi horretan.
Noski. Antzerkia oso garrantzitsua izan da nire ibilbidean, eta omenaldi txiki bat egin nahi nion. Semearekin batera –Iker Ortiz de Zarate– prestatutako pregoia izan da. Bidaia historiko bat antzerkiaren mugarri desberdinetatik, eta baita Arabako txoko desberdinetatik ere.
Antzerkia, ordea, berandu heldu zen zure bizitzara, ezta?
Antzerkia betidanik gustatu izan zait, baina egia da aukerak beranduago heldu zirela, lan txikiak egiteko aukerak behintzat. Baina antzerki gosea txikitatik izan dudala uste dut, herrian horretarako aukera gutxi zegoen arren. Eskolan gauzaren bat egiten genuen, udaberriko antzerki bat edo beste, eta oso oroitzapen politak dauzkat. Poemak asko gustatzen zaizkit, eta errezitaldi bat baino gehiago egin nuen; gogoan dut astero poema desberdin bat prestatzen nuela igandean, kaperan, errezitaldia egiteko. Ikusle modura antzerki eskaintza ere oso eskasa zen orduan herrian, eta batez ere pantaila handiaren oroitzapenak ditut, izar klasikoen oroitzapena.
Helduentzako eskolak heldu ziren gero...
Asko gustatzen zait ikastea, eta hainbat urte egin nituen helduentzako eskoletan. Hor izan nuen benetan antzerkiarekin hasteko aukera; literatura irakasleak esan zigun ikasturtea amaitzeko obra bat prestatu nahi zuela eta ea animatuko ote ginen. Nik ez nuen zalantzarik izan, berehala altxatu nuen besoa. Eta, horren ostean, hainbat antzerki obra etorri ziren: La señorita de Trevelez, La zapatera prodigiosa... Emakumeak bakarrik ginen orduan taldean, gizonek jarduera horietan ez zutelako izenik ematen; gaur egun, horretan ere aktiboagoak direla uste dut, antzerkian ere parte hartzen dute.
"Antzerkia egitea ez nuen buruan izan; beste garai batzuk ziren, ez zen halako aukerarik izaten"
Zerk erakartzen zaitu antzerkitik?
Jendeak. Ez dago horrelakorik. Jendea aurrean izatea ikaragarria da. Eta publikoaren barreak entzuten direnean zoragarria da; orain esaten digute komediak behar dituztela, pandemiaz geroztik apalxeago daudela eta animoa behar dutela. Asko disfrutatzen dut horrekin eta isiluneekin; ederra da zuk sortutako pertsonaia horrekin bat egin dutela sentitzea.
Zinean ere paper bat baino gehiago egin zenituen ostean.
Besteak beste, Pedro Almodovarren La flor de mi secreto pelikulan lan txiki bat egin nuen. Nik parte hartu nuen eszenan herrira bueltatzen ziren amarekin, eta badakit Almodovar ere hunkitu egin zela horrekin; ez guk bikain egin genuelako kar-kar, haurtzaroko oroitzapen asko ekartzen zizkiolako baizik. Lan txiki-txikia izan zen nirea, baina, aizu, Almodovar da! Eta badakit beste zuzendari batzuentzat ere garrantzia izan zuela horrek; hainbat casting etorri ziren horren atzetik Madrilen. Eta lan ugari egin nituen, besteak beste, Hospital Central, Cuéntame edo Amar en tiempos revueltos telesailetan...
Orain gutxi izan duzu azkena, ezta?
El pueblo izenekoa izan da azkena. Ez nuen hitzik esaten horretan, baina polita izan da. Nire pertsonaia, goizeko ordu txikitan, atez ate joaten da herrikideei arraultzak eskaintzen, eta imajina ditzakezu besteen erantzunak; denetarik esan eta oihukatzen didate, kar-kar. Soriako herri batean grabatu genuen hori.
Lanera edonora joateko prest?
Edonora. Huelvara esaten didatela, ba hara noa, edonora bai. Eta pozik. Nire seme-alabak nagusiak dira dagoeneko, eta prest nago edonora joateko. Orain arte, aktore lana egin ahal izateko antolatu behar izan dut, etxeko lanak eta seme-alabak zaintzearekin batera, esfortzu handiz, beste emakume askok bezala, eta orain aukera daukat batera edo bestera lasai joateko.
Ofizioa beste modu batera lantzeko aukera izan bazenu gaztetan? Arantza hori geratu zaizu?
Ez zait arantzarik geratu. Ez nuen asmo handirik antzerkiari dagokionez. Heldu zen heldu behar zuen momentuan, eta beste ate batzuk ireki zizkidan: jendea ezagutu, leku berriak, zuzendariak... Ez nuen sekula buruan izan hau edo bestea, horregatik eskertuta heldu zen momentuagatik. Nire buruan ez zegoen Madrilera joatea edota antzerki ikasketak egitea... Beste garai batzuk ziren, ez zen halako aukerarik izaten.
Iker semeak zure ibilbidea jarraitu du taula gainean. Zure pausoen atzetik joan da?
Ez dut uste niregatik izan denik, eta ezta nik beragatik egiten dudanik ere. Hala suertatu da eta biak gaude honetan, baina ez dut uste batak bestea bultzatu duenik.
Nolakoa da harekin lan egitea?
Oso exijentea da.
Eztabaida asko izaten dituzue?
Pila bat. Sesio bat bestearen atzetik izaten dugu, kar-kar. Iritzi desberdinak ditugu, eta, noski, akordio batera iritsi arte, liskarrak izaten ditugu. Azkenean berak nahi duena egiteko, noski, kar-kar. Egia esan, orokorrean, ongi daki zertan ari den, eta irizpide zehatza izaten du antzerkiaz ari garenean.
Taularatzea gustatuko litzaizukeen pertsonaiarik bada? Gustuko duzun obrarik?
Ez, alde horretatik, ez daukat anbizio berezirik. Oso pozik nago egiten dudanarekin. Semeari behin ere ez diot esan hau edo bestea egin nahi dudanik; berak daki guk baino hobeto zer aktoreri dagokion pertsonaia bakoitza, eta, zorionez, beti izan dut paperen bat berak zuzendutako lanetan. Talde ederra gara Ortzain, oso gustora gaude elkarrekin.
"Nahiago ditut San Prudentzio jaiak Gasteizkoak baino, lasaiagoak eta gertuakoagoak dira"
Zer esanahi dauka Ortzaik zuretzat?
Ortzaik esfortzua esan nahi du. Esfortzu handia. Ez ditut hemen zerrendatuko lan eta kezka guztiak, edonork imajina ditzakeelako, baina bada lana, bai. Askotan esaten digute zeinen ondo pasatzen dugun lanean! Eta hala da, baina ez dakite hori prestatzeko egiten ditugun ordu guztiak zenbat diren. Pozik egiten dugu, halere, beti hurrengo proiektuaren zain. Oraintxe hainbat lanekin ari gara, eta laster udan estreinatuko duguna prestatzen hasiko gara. Abuztuaren 10ean, urtero, jaiak pasatutakoan, obra berri bat aurkezten dugu, iraila bitartean.
Bien bitartean, nola ospatuko duzu San Prudentzio? Jaizalea zara?
Ez naiz jaizalea, egia esan, eta horregatik beharbada nahiago ditut San Prudentzio jaiak hiriburukoak baino, lasaiagoak eta gertukoagoak direlako. Beste erritmo bat dute. Aurten, hainbat gonbidapen egin dizkidate pregoilari moduan hainbat ekitalditan parte hartzeko, eta ikusiko dugu nola antolatzen dugun, egunaren arabera. Ez naiz ni denborarekin planak egitekoa, egunean bertan erabakitzekoa baizik. Imajinatzen dut Armentiako erromeria bisitatuko dudala familiarekin eta bazkaria ere izango dugula; perretxiko eta barraskiloak ez dira faltako, hori bai.