Ibon Aranberriren Entresaka erakusketa aurkeztu du Artiumek, 90. hamarkadan hasi eta gaurdainoko lan sorta batekin. Madrilgo Reina Sofia museoarekin elkarlanean, Vista Parcial izenekoa aurkeztu zuen han, eta Gasteizkoarekin osatuko du proiektua.
Entresaka erakusketan agerian uzten du paisaiaren eraketa prozesuekiko eta gizakiaren esku-hartzeak eragindako eraldaketarekiko kezka. Erreferentzia eta keinuz jositako ehun batean txertatua, osotasun baten arrastoen zehar-begiraden bidez eratzen da, osotasun hori erabat definitu gabe.
Ildo horretan, ikusgai dauden obra askok ondoko ideia honetan sakontzen dute: paisaia modernitatearen eraikuntza, makroproiektu handien garapenari bide ematen diona. Eta erakusketaren hainbat unetan artistaren beste kezka batzuk ere suma daitezke, hala nola lehen industrializazioaren eta haren aztarnen ondare material eta kontzeptuala berrikusten duenean.
Museoan banatuta
Aranberriren lanak ez dira erakusketa espazio itxi batera mugatzen; museoko hainbat aretotan txertatzen dira, baita Bildumaren aurkezpenari eskainitakoetan ere. Areto nagusira sartzeko guneetan edo museoko artxiboak gordetzeko guneetan ere artistaren lanak daude ikusgai. Museoko A3 aretoan, besteak beste, Organigrama (2010), Makina eskua da eta Itzal marra daude ikusgai.