Gasteiz Antzokirako "konponbidea" galdegin dute

Erredakzioa 2024ko api. 28a, 18:42

San Prudentzio egunaz baliatu dira arabarrei afera zertan den azaltzeko. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

San Prudentzio egunarekin batera, Gasteiz Antzokiaren aldeko plataformak "aitzakia gehiagorik" ez jartzeko eskatu dio udalari.

Gasteiz Antzokiaren aldeko Plataformak Izaskun Arrue kulturgunea irekitzeko aldarria eraman du gaur Armentiako zelaietara. Plataformako hainbat kidek eskuorriak banatu dituzte Armentiako jai gunearen sarreran, San Prudentzioren estatuaren parean. 

Gasteiztarrei helarazitako informazioan, plataformak berretsi ditu Lazarraga kultur elkarteak aurreko egunetan zabaldutako ideia nagusiak. Hala, Gasteizko Udalaren "borondate faltak" proiektua "kolokan" jarri duela salatu dute. 

"Ia bi urte igaro dira Oihaneder Euskararen Etxeak ateak itxi zituenetik", gogora ekarri dute. "Bi urte gasteiztarrak kulturgune euskaltzalerik gabe, ehunka jarduerez gozatu ezinda, eta erreferentziazko lekurik gabe".

Plataformaren esatetan, udalak ezin dio orain Lazarragari "errua" egotzi. "Udala da bere konpromisoak bete ez dituena", argudiatu dute. Bestetik, berretsi dute udalak Lazarragari bidalitako jakinarazpenean ez direla zalantzan jarri elkarteak aurkeztutako fakturak eta ordainagiriak. "Elkarteak kudeaketa ekonomiko ona eta zuzena egin du. Non dago arazoa orduan?", galdetu dute. Hori dela eta, "aitzakia gehiagorik" jarri ez eta aferari "konponbidea orain" eman diezaiola galdegin diote udalari. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago