Maiatzaren lehenarekin batera datoz sindikatuek deitutako ohiko hitzorduak, eta Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek Iruñea aukeratu dute aldarrikapenak plazara eramateko kokaleku nagusitzat, nork bere aldetik.
LAB sindikatuarentzat aurtengo hitzordua bereziki esanguratsua izango da, erakundearen 50. urteurrena ospatzen dutelako 2024an. Datorren asteazkenerako deialdian, testuinguru globalak ez duela "baikortasunerako tarte handirik uzten" ohartarazi du sindikatuak, "kapitalismo heteropatriarkal eta koloniala" gero eta "bortitzagoa" delako. Besteak beste, diruaren metaketa esku gutxitan, zaintza krisia, krisi ekologikoa eta gerrak aipatu ditu era- kundeak kezka iturri gisa.
Tartean, lan merkatuaren "dualizazioa" kritikatu dute aurtengo deialdian. Diotenez, bi langiletik bat egoera prekarioan bizi da, behartutako edo ordaindu gabeko zaintza lanetan dagoelako, langabezian dagoelako edo 1.400 eurotik beherako soldata duelako. Sindikatuaren aburuz, bizi baldintza duinak eta egoera prekarioan daudenen arteko aldea areagotzen ari da. "Sistema honek langileen artean genero, adin nahiz jatorriaren araberako arrakalak eta desberdintasunak" sortzen dituela adierazi dute. Bide beretik, zerbitzu publikoen "ahultzea" eta pribatizazioa kritikatu dute.
Europako hauteskundeak gertu dauden honetan, ohartarazi dute ere hainbat herrialdetan "ultraeskuina eta faxismoa" direla egoeraz baliatzen ari direnak, mezu populisten bidez "balore atzerakoiak inposatzeko". Hala, indar horiek krisi ekologikoa ukatzen dute, matxismoa ukatuz edota segurtasunaren aferaz baliatuz langile migranteen kontrako mezuak zabaltzeko.
"Adostasunak" faltan
ELAk Bilbo eta Iruñea aukeratu ditu aurtengo Maiatzaren 1a ospatzeko. Erakundeak lau gai nagusitan jarriko du aurten arreta berezia: enpresen etekinak handitu direla dio sindikatuak, baina, aldi berean, langileen lan eta bizi baldintzek "okerrera" egin dutela salatu du. Azken horren adibidetzat jarri dituzte erosteko ahalmenaren galera, "zerbitzu publikoen okertzea", etxebizitza edo prekarietatea.
Modu berean, sindikatuak "gobernuen konplizitatea" salatu du Maiatzak 1erako deialdian. Azkenik, "ezker instituzionalaren oposizio eta proposamen alternatiboen falta" ere aipatu dute.
Azken honi dagokionez, sindikatuaren hitzetan, ezkerreko espazioetan "adostasunak" lortu behar dira egungo politikei aurre egiteko eta "alternatiba sozial, feminista eta ekologista bat defendatzeko".
Sindikatuak mundu mailako egoerari erreparatu dio deialdian. Diotenez, Langileen Nazioarteko Eguna bada ere "mundu hobe bat irudikatzeko eta konprometitzeko" hitzordua, baita "sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista batek eragiten dituen ondorio tragikoez" jabetzeko eguna ere. "Belizismoaren gorakadagatik" kezka agertu dute sindikatuek, eta Israelgo armadak Gazan egindako "genozidioa" ere salatu dute.