Ikus-entzunezkoetan "euskara erdigunean" jartzeko eskatuko dute Gasteizen

Erredakzioa 2024ko api. 26a, 11:08
Altsasun egin dute maiatzaren 18rako deia. Argazkia: Aldatu Gidoia

Maiatzaren 18an izango da euskalgintza eta kulturgintza arloko hainbat ordezkarik deitutako manifestazioa; Foru plazatik abiatuko da, 17:30ean.

Aldatu gidoia euskararen alde lelopean, maiatzaren 18an Gasteizen egingo den manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute kultura, euskalgintza, hezkuntza eta ikus-entzunezko arloko hainbat ordezkarik. Euskarari "aukera leiho bat" ireki nahi diotela azaldu dute antolatzaileek Altsasun eginiko agerraldian, eta horretarako "denen bultzada" beharrezkoa izango dela.

Gogoratu dute euskal irrati-telebista publikoa "euskara biziberritzeko eta euskal kultura sustatzeko" sortu zela, baina kezkaz adierazi dute urteak direla EITBk jaiotzako helburu horiek "baztertu" zituela. Euren esanetan, "marko espainiarra gailendu" da EITBn, eta horrek "galbidera" darama hizkuntza komunitatea. Baina, EITBz harago ere, Aldatu Gidoia ekimeneko kideek nabarmendu dute Lakuako Gobernuaren kultura eta ikus-entzunezkoetako politikek ez dituztela "inondik ere herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen", zineman zein streaming plataformetan gaztelerazko eskaintza delako nagusi, eta euskarazkoak "ia ez duelako tokirik".

Maiatzaren 18ko manifestazioarekin euskara "erdigunean" jartzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari; kultura-politiketan, EITBn eta EITBz harago, zineman eta plataformetan, "euskara erdigunean" jartzea. Manifestazioa Foru Plazatik abiatuko da, 17:30ean. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide