⛅ EGURALDIA

Santu pixontziaren zain

Erredakzioa 2024ko api. 26a, 08:49
Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Zeru oso hodeitsuak izango ditugu gaur, euria egiteko aukerarekin. Asteburuan, zerua tarteka hodeitsu geratuko da, eta, nola ez, zaparradak bota ahalko ditu.

Hasi bezala, ohiko lan astea zeru oso hodeitsuekin bukatuko dugu, zaparradak botatzeko arriskuarekin. Horiek izatekotan, batez ere egunaren bigarren partean izango dira. Eolo iparraldetik egingo du ufa, eta 3 eta 15 gradu arteko aldea izango dugu termometroetan.

Asteburuari begira, aldaketa asko ikusiko ditugu ortzian. Izan ere, zerua tarteka hodeitsu geratuko da, eta noizean behin zaparrada trumoitsuak bota ahalko ditu. Logikoa denez, arratsaldez pilatuko dira ekaitz txiki horiek. San Prudentziori dagokionez, igande goizean egongo da, AEMETen arabera, euria egiteko arrisku gutxien. Oro har, tenperaturetan ez da aldaketa askorik egongo: larunbatean 3 eta 17 gradu arteko aldea espero da; igandean, 2 eta 16 gradu artekoa.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide