Astearteko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak VIA Gasteizko aireportua sustatzeko sozietatearentzako 4,5 milioi euroko diru laguntza zuzena ematea onartu du, 2024-2028 urte tarterako. Laguntzaren xedea "Arabako eta EAEko aireportu jarduera komertziala eta turistikoa bultzatzea" da, Jaurlaritzak zabaldutako prentsa ohar baten arabera.
Jaurlaritzaren arabera, sozietate horrekin duen "konpromisoa" berresten du horrela. "Beren hegaldien operazioak bertan egiten dituzten konpainiak dibertsifikatzen, konektibitatean, helmuga berritzaile eta harkorren aldeko apustuan, oinarrizko zerbitzu osagarriak mantentzen, eta lurralde nazionalean eta nazioartekoan presentzia mantentzen" lagundu nahi duela dio.
Lakuak emandako zenbakiaren arabera, aireportuak 2023an 310.000 bidaiari izan zituen (batez beste, 849 bidaiari egun bakoitzeko, zenbaki horren arabera), eta pandemia aurreko azken erreferentziarekin alderatuta %78 hazi zen erabiltzaileen kopurua.