Greba eskubidea urratzeagatik zigortu egin dute Osakidetza

Erredakzioa 2024ko api. 24a, 17:11

Arabako landa eremuko langileen greba. Argazkia: ALEA

ELAk aurkeztu zuen salaketa, Osakidetzak gutxieneko zerbitzuak inposatu zizkiolako langile bati apirileko greba deialdian.

Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 1. Epaitegiak ebatzi du Osakidetzak "grebarako eskubidea urratu" ziola langile bati, iragan apirilean. ELA sindikatuak azaldu duenez, Arabako landa eremuan deitutako greban, gutxieneko zerbitzuak inposatu zizkion Osakidetzako zuzendaritzak langile horri.

"Langileak greba egiteko asmoaren berri eman zion nagusiari, greba baino astebete lehenago. Alta,  gutxieneko zerbitzuak egitea agindu zioten, nahiz eta beste lankide batzuek esan grebarik ez zutela egingo". ELAk gogoratu duenez, gutxieneko zerbitzuei buruzko aginduaren arabera, lehenik eta behin, greba egiten ez duten langileek bete behar dituzte zerbitzu horiek.

ELAko afiliatuak auzitara eraman zuen Osakidetza, eta urtebete geroago, epaitegiak arrazoia eman dio. Epaiaren arabera, Osakidetzak ez zuen inolako formularik ezarri langileak grebarekin bat egin zezan, nahiz eta jakin zenbait langilek ez zutela greba egingo. "Hori langilearen grebarako eskubidea urratu izanaren zantzu argia da", azpimarratu du sindikatuak.

ELAk gogoratu duenez 2024. urtearen hasierako beste epai batean, Osakidetza grebarako eskubidea urratzeagatik kondenatu zuen Gasteizko epaitegi batek, kasu horretan Arabako Kanpo Kontsultetako laborategi zerbitzuan jazotako urratzeagatik. "Gero eta ohikoagoa den praktika da hori, langileei grebarako eskubidea libreki hartzea eragozten diena".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago