Kosmetai erakusketa aurkeztu berri du Hodei Herreros artistak Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan, maiatzaren 19ra arte ikusgai. Proiektuaren abiapuntua "kosmetika" hitzaren etimologiarekin egindako elkarketa dela azaldu du artistak. Hitz horrek apaintzeari edo edertzeari zein ordena unibertsalari egiten dio erreferentzia. Antzinako Grezian, kosmetai deitzen zitzaien gorputza zaintzen eta dotoretzen aritzen ziren pertsonei, baina baita estatuak eta arkitektura edertzen aritzen zirenei ere.
Apaingarriak, gorputza, desmunta daitekeena edo alderdi femeninoa, honako hauekin kontrajarrita: eskultura astuna, industriala eta irmoa den, eta maskulinitatearekin lotuta dagoen zerbait dela dioen ideia. Hori guztia hainbat elementuren bidez transmititzen da: arkuak, altzariak, moda-ereduak, gorputz-zatiak, forma gestaltikoak (Rubinen loreontzia, adibidez) eta egunero erabiltzen ditugun materialak: brikolajeko egurra, xaboia, makillajea eta depilatzeko argizaria, adibidez.
Erakusketarekin lotuta, gainera, tailer bat ere egingo dute. "Topaketaren helburua da pentsamendu kolektiboaren prozesuak aktibatzea Herrerosek gaur egun oinarri duen puntu eskultorikora iristeko erabili dituen erreferenteen, abiapuntuen, tokien eta obren bidez. Gainera, horren bidez, parte-hartzaileek erakusketan modu hedatuan eta kritikoan barneratzeko eta hura esperimentatzeko aukera izango dute", azaldu du Sonia Diaz de Corcuerak, Kultura zinegotziak. Tailerra maiatzaren 11n egingo da, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta bertan izango da artista. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea montehermoso.net helbidearen edo 945 16 18 30 telefono-zenbakiaren bidez.