Nahasmendu bipolarra eta depresioa dutenei eta euren senideei laguntza emateko elkarteak, Orekabidek, Kirola osasun mentalaren alde martxa solidarioa antolatu du maiatzaren 4an Gasteizen, Foru Plazan irteera eta helmuga.
3,5 kilometroko martxa hori Martin Fizek diseinatu du eta partaideek paseo atsegin bat egin ahal izango dute eliteko kirolariekin batera. Ibilbideak hirigunea zeharkatuko du Prado parkeraino, eta handik berriro ere Foru plazara itzuliko da. Ekimenaren helburua da buru-osasunaren inguruan gizartea kontzientziatzea eta buru-gaixotasunak dituztenei ikusgarritasuna ematea.
Kirol eta Osasunaren zinegotziak, Ana Lopez de Uraldek, herritarrak parte hartzera animatu ditu. "Egun oso presente dauden osasun-arazoei ikusgarritasuna ematen laguntzen digute eta, gainera, bizimodu osasungarriak bultzatzera eta sustatzera animatzen gaituzte". Haren arabera, guztion esku dago arazo horiek dituzten eta haien senideei laguntzeko eta prebenitzeko ahalegina egitea. "Haien bizitzak normalizatu behar ditugu, eta ez estigmatizatu modu bidegabean".
Bestalde, Orekabideko presidenteak, Mila Manzanalek, buru osasunarekin lotuta kirola egiteak dituen onurak azaldu ditu: "Kirola eta buru osasuna elkarri oso lotuta daude. Ariketa egitea jarduera terapeutikoa da buru-gaixotasunen bat dutenentzat. Izan ere, egunerokotasunerako zutabea da kirola ematen dituen ongizatea eta eskatzen duen konstantzia direla eta".
Martxa maiatzaren 4an, larunbatean, aterako da Foru plazatik 12:30ean, eta interesa dutenek maiatzaren 3a baino lehen eman beharko dute izena Orekabideren webgunean. Dohaintza 5 eurokoa izango da eta hor sartuta daude elastikoa, jan-edaria eta zozketetan parte hartzeko aukera.