Pili Revilla

"Manifestazioez harago, beste pauso bat emateko gogoak mugiarazi nau"

Anakoz Amenabar 2024ko api. 19a, 20:08
Mikel Zuloagoa, Pili Revilla eta Agus Gorbea, Loiun. Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da Pili Revilla, eta Gazara doan Askatasunaren Flotillan parte hartzea erabaki du, Israelen blokeoa "hausteko" helburuarekin; Euskal Herritik, Agus Gorbea eta Mikelon Zuloaga ere batu dira ekinaldira.

Istanbulen da Pili Revilla ekintzaile internazionalista gasteiztarra, Askatasunaren Flotillan itsasoratzeko zain. Atzerapenik ez bada, igandean aterako da Gazara bidean merkantzia ontzi bat eta nazioarteko ekintzaile eta behatzaileak eramango dituzten beste hiru ontzi. Laguntza humanitarioko 5.500 tona material eramatearekin batera, "su eten iraunkor bat" eskatu eta "genozidioa ikusarazi" nahi dute ekintzarekin.

Nolakoak izaten ari dira itsasoratu aurreko ordu hauek Istanbulen?

Dagoeneko 300 bat ekintzaile elkartu gara, eta hurrengo orduetan taldeak egin eta elkar ezagutzeko geratu gara; Turkiako taldea falta da oraindik, jendetsuena, baina laster izango gara denak. Bihar tailer bat izango dugu bidaia honetan goazen guztiok argibide batzuk jasotzeko; besteak beste, Askatasunaren Flotilla indarkeriarik gabeko ekintza dela kontuan hartuta, israeldarrekin topo egitean, tentsio uneetan, nola erantzun ikasteko, eta, azken batean, erasoak saihesteko. Orokorrean, jendearen artean nabari da itsasoratzeko gogoa dagoela, zerbait egiteko gogoa. Uste dut horrek elkartzen gaituela, beste zerbait egiteko beharrak. Eta hau ekintza garrantzitsua dela uste dugu, Israelgo estatu sionista genozida are gehiago presionatu dezakeelako.

Noiz erabaki zenuen ekinaldira batzea?

Beste pauso bat emateko gogoa izan da. Manifestazioez harago eta erakunde sionistak babesten dituzten enpresak salatzeaz harago, beste zerbait egiteko gogoa. Eta, azken batean, Flotillak duen helburuarekin bat egiten dugulako gaude hemen; berehalako su-eten iraunkorra eskatu eta Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko. Nolabait, fokua han jartzea; 70 urtetan gertatutakoa salatzen jarraitzeko, eta bereziki momentu larri honetan gertatzen ari dena.

"Han gertatzen dena munduan entzun eta ikus dadin lortu behar dugu; blokeoan zirrikitua egin"

Lehen aldia da Askatasunaren Flotillarekin?

Aspaldi ezagutzen nuen proiektua, beti interesgarri egin zait, baina hau izango da lehenengo aldia. Ez naiz inoiz Palestinan egon, oso beldurtia naiz, eta Israelgo soldaduak ez dira lelokeriatan ibiltzen... Baina, egia da, Palestina oso gertutik sentitzen dugula Euskal Herrian, eta horrek mugiarazi nau; Gasteizen Maccabiren kontrako ekintza bat baino gehiagotan izan gara... Euskal Herritik datorren Mikelon Zuloagak hainbat bidaia egin ditu dagoeneko, eta harekin prestatzen ari gara; hau orain arteko jendetsuena dela dio.

Nolako erantzuna espero duzue Israelen aldetik?

Badakigu ez digutela Gazara iristen utziko. Irteera ere atzeratzen saiatzen ari dira; beldur gara Turkiako Gobernuari ez ote zaizkion presioa egiten ari gu atera ez gaitezen. Berez, daramaguna Gazako jendeak jasotzea da asmoa: elikagaiak, botikak eta laguntza humanitarioa. Baina ikusiko dugu. Halere, ekinaldia Turkiako erakunde batek antolatzen du, Palestinako biztanleei laguntzen urte asko daraman talde batek, eta haiek prestatu dute estrategia; haiek erabakiko dute noraino eta nola heltzen garen. Ezin da aurreikusi, baina Israelgo soldadu suntsitzaileak ezagututa... Guk han gertatzen dena munduan entzun eta ikus dadin lortu behar dugu, eta horretarako kazetarion lana ezinbestekoa izango da, blokeoan zirrikitua egin. Era berean, laguntza humanitarioa haien eskuetan ez geratzea lortu behar dugu; ezin dugu haiekin kolaboratu, ezin daitezke bitartekari izan.

Turkian da ekintzaile internazionalista taldea. / Argazkia: P. Revilla

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide