Akordioa sinatu dute anbulantzietako sektorean

Erredakzioa 2024ko api. 19a, 16:05

Hainbat hilabetez greban egon dira EAEko anbulantziak. Argazkia: ALEA

Bost urterako lan hitzarmena adostu dute ELA, CCOO eta UGT sindikatuek. LABek kritikatu du "Osakidetzako lankideekiko homologazioa" lortu ez izana.

Datozen bost urteetarako lan hitzarmen kolektibo baten inguruko akordioa lortu dute gaur goizean EAEko anbulantzien sektoreko enpresek eta ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, azken hilabeteotan izan den greba mugagabeari amaiera emanez.

Jaurlaritzak eman du akordioaren berri. Ohar batean, Osasun Saila "pozik" azaldu da grebaren amaierarekin, osasun garraioaren "funtzionamendu normalari eragiten zion gatazka behin betiko konpondu delako".

Akordioa sinatu duten sindikatuek sektorean gehiengoa dutelako geratu da greba bertan behera. 

LAB sindikatuak akordioarekiko jarrera kritikoa agertu du. Ohar batean adierazi dutenaren arabera, akordioa sinatu duten hiru sindikatuak "LABi bizkar emanda" aritu dira, eta Osakidetzako lankideekiko "homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte". Sindikatuaren esanetan, lortu duten "hobekuntza apurrek" arlo ekonomikoari baino ez diote eragiten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago