Gasteiztik Guardiarainoko lasterketa elektrikoa egingo dute

Erredakzioa 2024ko api. 19a, 13:05

Ostegunean ere autoak ikusgai egon dira Arabako campusean. Argazkia: NURIA GONZALEZ / EHU

EHUk ibilgailu elektrikoen inguruan antolatutako jardunaldien baitan, El Boulevarren eta Guardian bertan paratuko dituzte autoak, erakusketa banatan.

Larunbat honetan Gasteiztik atera eta Guardiaraino ibilgailu elektrikoen lasterketa bat egingo dute; behin Arabako Errioxako herri nagusira iritsita, ibilgailuak erakusketan paratuko dituzte arratsaldean —parking berrian, igerilekuetatik gertu—, eta modu "efizienteagoan" gidatu duten bi parte-hartzaileei sari bana emango diete.

Aurretik ere, larunbat goizean, hainbat ibilgailu elektriko erakusgai egongo dira Gasteizko El Boulevard merkatalgunean. Guardiaraino izango den Eko Rally izenekoa 13:00etan aterako da hiriburutik. 

EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolak eta AUVE Ibilgailu Elektrikoen Erabiltzaileen Elkarteak antolatutako Ibilgailu Elektrikoen III. Zabaltze eta Topaketa Jardunaldiaren baitan egin dituzte ekimenak. 

Atzoko egunean ere beste hainbeste ekimen izan dituzte hiriburuan. Hala, ibilgailu elektrikoen erakusketa egin dute EHUko Arabako campusean, eta gaiaren bueltan ere hainbat adituk hitzaldiak eman dituzte. Besteak beste, baterien karga lasterra, energia berriztagarriekiko "integrazioa", eta hidrogenoaren erabilera mugikortasunean jorratu dituzte. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago