Osatek "abandonatu" dutela salatu dute langileek

Erredakzioa 2024ko api. 19a, 11:37
Erresonantzia magnetikoaren zerbitzuaren egoera salatu dute langileek. ALEA
Pazienteen itxaron zerrenda handitu egin dela salatu du langileen batzordeak; eta langile gehiago kontratatzea exijitu du.

Arabako Osatek "abandonatuta" dagoela salatu dute langileek. Ohar batean azaldu dutenez, Osakidetzako zuzendaritzak ez du langileen kontrataziorik egiten, eta lan txandak "etengabe" ixten ari da. Horrenbestez, erresonantzia magnetikoa egiteko zain dauden pazienteen zerrenda gero eta handiagoa da.

Gainera, egoera konpontzeko, zuzendaritzak langile gutxiagorekin lan txandak irekitzeko "mehatxua" egin duela ohartarazi du enpresa batzordeak, "pazienteei eta langileei ekar diezazkiekeen arriskuak eta ondorioak kontuan hartu gabe", esan dute. "Itxaron zerrenda lotsagarriekin amaitu nahi bada, langile kualifikatuak kontratatu beharko dira makina berriak erabiltzeko, eta plantilla handitu beharko da, astelehenetik igandera ekipo guztien jarduera bermatzeko", azpimarratu dute langileek.

Enpresa batzordeak azaldu duenez, Araban, azken urteotan, opor garaian, asteburuetan eta jai egunetan ehunka lan txanda itxi ditu Osatek-eko zuzendaritzak, eta horrek itxaron zerrendak handitzea ekarri du. Gaur egun, gainera, itxiera berriak ere egiten ari direla esan du enpresa batzordeak, astelehenetik ostiralera bitarteko lanaldi arruntetan. Batzordearen arabera, gainera, Osatek-eko zuzendaritzak langileen "berekoikeriari" eta "arduragabekeriari" egotzi dio txandak ixtea; eta lege berriaren ondorioz behin-behineko langileak kontratatzeko zailtasunak dituela argudiatu du.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide