Etxeko laguntza zerbitzuan murrizketarik ez ezartzeko eskatu dute

Erredakzioa 2024ko api. 18a, 16:58

Donemiliagan hamar lagunek dute gaur egun arta zerbitzua. Argazkia: UNAI FERNANDEZ DE BETOÑO / COMMONS

Hemendik aurrera diputazioak ez die arta emango 0 graduko erabiltzaile berriei, Donemiliagako Udalak salatutakoaren arabera.

Etxeko Laguntza Zerbitzuan murrizketarik ez ezartzeko eskatu dio Donemiliagako Udalak Arabako Foru Aldundiari. 

Udalak ohar batean ezagutzera eman duenez, Gizarte Zerbitzuen Sailak iragarri du hemendik aurrerako eskatzaile berriei ez zaiela eskainiko gaur egun ehun lagun ingururi ematen zaien hiru orduko laguntza zerbitzua. Modu horretan, 0 gradutzat jotzen diren erabiltzaile berrien kasuan —pertsona autonomoak edo menpekotasun arriskuan daudenak— arta salbuespenezkoa izango da, eta soilik emango zaie zaurgarritasun handia edo gizarte bazterketa izateko arriskua dutenei. 

Donemiliagan hamar laguni eskaintzen diete orain arta hori. "Mendekotasun arriskuan dagoen erabiltzaileari etxean egoten laguntzen dion oinarrizko zerbitzua" dela azpimarratu du udalak. "Azken batean, bere etxean egoteko eta komunitatean integratzeko aukera ematen dio, isolamendu egoerak saihestuz". Udalaren arabera, aldundiak emandako jarraibide horrek "agerian uzten du landa eremuan zerbitzu gutxiago eskaintzen direla", Gasteizen bizi direnen erabiltzaileentzat bere horretan mantenduko dutelako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago