Alavabusen 7. eta 9. lineek bi zerbitzu eskaintza desberdin dituzte urtean zehar: neguko ordutegia, azaroaren 1etik apirilaren 15era, eta udako ordutegia, apirilaren 16tik urriaren 30era. Horrela, neguko ordutegia apirilaren 15ean, astelehena, amaitu beharko litzateke, baina aldi baterako luzatuko dute, ekainaren 30era arte, bidaiarien hazkundeari erantzuteko.
Luzapen horren bidez, zerbitzuaren kalitatea bermatu nahi da, eta bidaiarien kopuruaren hazkundeari behar bezala erantzun; izan ere, gaur egun indarrean dagoen neguko ordutegiak plaza gehiago jartzen ditu zirkulazioan, 7. linean bidaia gehiago eta 9. linean ibilgailu handiagoak baititu. 9. lineak ibilbide gehigarri bat du udan, Herrerako mendatean zehar, eta handik pasa behar duten autobusak txikiagoak dira.
Era berean, eta eskualdeko garraioaren eskaintza Alavabusen 7. eta 9. lineen neguko ordutegiaren luzapenera egokitzeko, ekainaren 30era arte luzatuko dute Arabako Mendialdeko Kuadrillako eskualdeko garraio zerbitzuko linea hauen neguko ordutegia: 6. linea-Trebiñu Ekialdea, 17. linea-Trebiñu Mendebaldea, 20. linea-Urizaharra eta 21. linea-Bernedo.
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak abisua eman die aste honetan Alavabusen eta eskualdeko garraioko linea horiek zerbitzua ematen dieten toki erakundeei, bai eta erabiltzaileei ere, www.araba.eus/alavabus webgunearen eta sare sozialen bidez.
Bestalde, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saila lanean ari da Alavabusen 7. eta 9. lineak sartuta dauden Arabako Errioxako emakidaren kontratua aldatzeko, neguko eta, batez ere, udako eskaintza erabat berritzeko eta, horrela, plazen kopurua handitu ahal izateko, ibilgailu handiagoen eta bidaia gehiagoren bidez. Helburua da egiturazko eskaintza berri hori 2024ko uztailaren 1etik aurrera abian jartzea.