Azken hilabetetako lehen sektoreko mobilizazioen ostean, ostegunean, apirilaren 18an, traktore martxa berri bat iragarri du UAGA sindikatuak. Buesako aparkalekutik aterako dira traktoreak, 11:00etan, Santiago etorbidean dagoen UAGAko egoitzara; eta 12:00etan abiatuko da bertatik manifestazioa –oinez eta traktorez– Santa Barbara plazara.
Kexu dira berriz ere nekazariak, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde kanpainan "alderdi politikoek gure eskaerei aurre egiteko promesak egin dituzten arren, egunotan ikusten dugu nekazaritza eta abeltzaintza ikusezinak direla eztabaida eta diskurtsoetan". Horregatik, eta haien arazoak eta eskaerak lehen planoan jartzeko deitu dute protesta. "Politikariei eta gizarteari gure arazoak oraindik hor daudela gogorarazteko, datorren astean alderdi guztiei hurrengo legealdirako gure sektoreak dituen lehentasunak jasotzen dituen taula emango diegu.