Espainiako Poliziak bost pertsona atxilotu ditu Gasteizen emakume atzerritarrekin hitzartutako ezkontzak adostea leporatuta. Agenteek sare horren zazpi biktima atzeman dituzte guztira, baina ikerketa zabalik dagoenez, ez dute baztertzen biktima gehiago egotea edo beste atxiloketarik egitea.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak ohar batean jakinarazi duenez, iazko azaroan hasi ziren ikertzen, Gasteizen hitzartutako ezkontzak egiten ari ziren hiru pertsona zeudela jakin zutenean. Hilabete horretan bertan atxilotu zuten emakumea, sarearen ustezko burua, eta bi gizon. Otsailean, bigarren fase batean, atxilo hartu zituzten beste biak.
Ikertzaileek egiaztatu ahal izan dutenez, sareak Espainian modu erregularrean bizi nahi zuten emakumeak topatzen zituzten Dominikar Errepublikan. Promesa faltsuen bidez, "bizi kalitate hobea, lana eta diru asko irabazteko aukera" eskaintzen zieten. Tratuagatik 10.000-15.000 euro ordaindu behar zuten andreek. Bertan, diru gehiago eskatzen zieten, eta etxebizitzako logela batean ematen zieten ostatu, alokairua kobratuta. Behintzat biktimetako bat prostituitzera behartu zutela jakinarazi dute, zorra kitatzeko.