Ganbera Zikloa igande honetan itzuliko da Gasteizera, abonamenduko zazpi kontzertuko proposamenarekin. Guztiak Jesus Guridi musika kontserbatorioko areto nagusian izango dira, igandetan, 12:00etan, urrira bitarte, eta Carlos Seco izango da zuzendari artistikoa.
Ziklo honek beti oso kontuan izan du belaunaldien arteko erreleboa, eta horretarako, bakarlari gazteen emanaldiak programatu izan ditu, eskarmentu handiko musikariekin batera. XIII. edizio honetan, beste urrats bat eman nahi dute Guridi Gazteak programarekin; horren bidez, musikako ikasleak aurkeztuko dituzte. Kontzertu bakoitzaren hasieran arituko dira, karteleko artisten aurkezpena eginez. "Ganbera Zikloak hamarkada bat baino gehiago darama kontzertu interesgarriak proposatzen eta bertako musikariak bultzatzen. Konbinazio horri esker, galdu ezinezko hitzordua da ziklo hau", adierazi du Sonia Diaz de Corcuerak, Kultura zinegotziak.
Abonamenduak www.entradium.com webgunean eskuratu ahal izango dira 35 euroren truke, eta eres.lagunak@gmail.com helbide elektronikoaren bidez ere erreserbatzeko aukera egongo da. Sarrerek 7 euro balioko dute eta webgune horretan bertan eta kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenago arte egongo dira eskuragarri. 30 urtetik beherako ikasleek eta langabetuek doan sartzeko aukera izango dute.
- Apirilak 14: Magna Boskotea
- Maiatzak 19: A. Bruckner, 7. Sinfonia, Diego Martin Etxebarriak zuzendutakoa – Camerata Gasteiz
- Maiatzak 26: Euskadiko musikari gazteak lehiaketan saridunen kontzertua
- Ekainak 9: G. Fauré. Requiema – Samaniego abesbatza – Aitor Olea, organo
- Irailak 8: Olatz Ruiz de Gordejuela, biolin – Andoni Mercero, biola – Salvador Bolón, biolontxelo
- Urriak 13: Ander Perrino, kontrabaxua – Jarkko Riihimäki, pianoa
- Urriak 27: Goldberg Project