Gaurtik aurrera, apirilak 11, Artium museoak Klasikoak izeneko zikloa eskainiko du, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak antolatutako saioa. Zinemaren historian klasikotzat jotzen diren hamabi film izango dira, guztiak berriki zaharberrituak, sortu zireneko ezaugarri guztiak berreskuratzeko.
Charles Chaplinen maisulanetako bati (Modern Times, Cineteca di Bolognak zaharberritua) eskainitako saioarekin hasiko da zikloa. Programa Artiumera ez ezik, Donostiako Tabakalera, Bilboko Bizkaia Aretora, Iruñeko Golem zinemetara eta Donibane Lohizuneko Cinéma Le Sélectera ere iritsiko da. Artium Museoko emanaldi guztiak ostegunetan izango dira, 19:00etan, eta sarrerak 3,5 euro balioko du, 2 euro Artium Museoaren Adiskideentzat, eta doan 25 urtetik beherakoentzat.
Hurrengo asteetan, besteak beste, Marta Coolidgeren Not a pretty picture, Juan A. Bardemen Esa pareja feliz, Billy Wilderren The Apartment eta Michel Braulten Les ordres eskainiko dituzte. Hona hemen egitaraua osorik.