Zuiako gaztetxearen kontrako erasoa salatuko dute ostiralean

Erredakzioa 2024ko api. 10a, 17:41

Apirilaren 9an agerraldia egin dute Murgian, Zuiako gazte asanbladak deituta. Argazkia: Zuiako gazte asanblada.

Martxoaren 27an gaztetxeko leihoak harrikatu zituzten, baina aurretik beste eraso batzuk izan direla gogoratu dute.

Joan den martxoaren 27ko gauean Zuiako gaztetxeak "beste eraso bat" pairatu duela salatu dute Zuiako gazte asanbladako kideek agerraldi batean. Gaueko ordu txikitan leihoak harrikatu zituzten, eta ez da hau izan duten lehen erasoa: "Zoritxarrez, pasa den urteko abuztuan era desberdineko erasoak izan ziren: kristaletan pintadak izan ziren, pintura jaurti zuten, foku eta buzoia apurtu zuten...".

Eraso berri hau hau eguneroko "askatasunen kontrako erasoen barruan" kokatu dute gazteek, "eraso politiko" moduan, eta elkarlanean 15 urtez osatutako espazioa defendatzen jarraituko dutela azpimarratu dute. "Irmoki berresten dugu ez dugula onartuko espazio autogestionatuen kontrako erasorik. Ez Zuian, ez inon. Eta erasoen aurrean antolatuta aurkituko gaituztela".

Erasoa salatzeko asmoz, elkarretaratzea egingo dute ostiralean, apirilaren 12an, 19:00etan, Murgiako plazan, eta Zuia zein inguruko herritarrei egin diete deia bertan parte hartzeko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago